garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Marka

2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Asteotan Lapurdiko kostaldera oporketan heldu diren turista frantsesak ikusita, Basque Country sonatua etorri zait gogora, Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren erruz galdu dugun ospea berreskuratzeko asmatutako estrategia omen dena, eta trabeskatu egin zait zintzurrean, sortze beretik ukatzen diguna irentsi ezinda.

Munduan barrena zabaldu beharreko proiekzio horrek nau itotzen, gutartasunaz darabilen irudi distortsionatuak. Basque Country ez baita Pays Basque —turista frantsesok honezkero antzeman dutenez—, eta are gutxiago Euskal Herria. Estu jarrita, ez baita Basque, ezta Country ere, itzulpena euskaldunaren zentzuan eginez gero bederen.

Basque Country marka traketsa da, ez ikonoa. Hilarrietatik hartutako grafia du, gero kafetegietako toldoetara eta txistorren etiketetara eramandako hizki-molde betegarria. Basque Country folklore merkea da, erregionalismo zaharkitua, turistek eta ez hain turistek, Hendaiako hondartzatik Hondarribirantz begira ikusten dutena: Espainia ikurrinduna. Culinary da Basque Country, Donostian urrea bailitzan ordaintzen den pintxoa. Zaflako galanta, alegia.

Baskolandia da Basque Country, manufakturako industria nazioartekotuan oinarritu eta jan-edanaren gainean eraikitako parke tematikoa.

Ez da gure zerupea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.