Ikusi ditugu Australiako Christmas uhartearen aurka hausten zen migrante ontziaren suntsitzearen irudiak. Berrogeita hamar jende hil ziren galerna hartan eta soilik hogei bat bizirik atera. Itxurek munduaren itzulia egin dute, behatzailea oraindik ere nola ez zen nehor mugitu haien salbatzeko galdezka dabilala. Iran, Irak, Afganistan, Sri Lanka eta Asia pauperizatutik zetozen gehienak.
Ezagutzen ditugu Afrikatik Europara eta Hego Ameriketatik Estatu Batuetarako migrazio bideak. Sareko berriak azaltzen digun hau arrotzagoa da alabaina guretzat. Ez da anitzetan aipatzen. Baina bizidun oldeak hegorantza ere doaz. Hain zuzen Australiako Christmas Island honetan bada erretentsio zentro erraldoi bat, zeinetan gartzelatzen diren paperik gabeko etorkinak. Haietarik asko polizia ikerketa zehatzen ondotik kanporatzen dira manu militari.
Christmas Islandeko lekukoek erran dute gertatutakoa txoke totala eta horrorea zela. Ez zuten deus egin ahal izan. Ezintasuna zen nagusi. Harriek eta uhin basatiek zitzikatu kideak gerlek, ekonomia larderiatsuek eta bidegabekeriek kolpatuak ziren fortunazko ontzira hupatu aitzinetik ere. Galtzaile iragarriak.
Gure ardura da. Eguberri irla izan.
Bira. Itxaro Borda
Naufragoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu