Ainize Madariaga

Ofizioz utilak

2024ko apirilaren 23a
05:00
Entzun

Ttipitan handitu egiten nintzen belarren sasoia heldu zelarik. Traktore-hotsa urrunetik sumatzen nuelarik, punpaka abiatzen zitzaidan bihotza. Poliki-poliki, pentzea menderatzen zuten, eta, maxinaren joan-jin erritmikoek hantxe harrapatzen gintuzten neba eta biok. Meta-ziria bezain xut egoten ginen geldi-geldirik; traktoreak eta bere segizio hipnotikoek denbora gelditzen ziguten ber. Bista gainetik ezin kenduz, suari nola, erakartasun atabikoa izaten zen hura, ezin azalduzkoa: maxinak belarra mozten zuen ber, etxeko gainerakoak, arrasteluak eskuan, metak egiten hasten ziren mugimendu konstante ikusgarriz.

Tupustean, pasibokeriak eta inutilkeriak akuilaturik, parte hartzeko beharra pizten zitzaigun, «Lagunduko zaitut», inposatzen nien ene ustezko laguntza dudagarria. Ohartu gabe, nik hura baino gehiago, hark ninduela laguntzen. Galdetu izan banio: «Laguntzen ahal zaitut?», erantzunen zidakeen beharbada: «Ez, otoi».

Nago laborari-seme-alabek (neurriko etxaldeetakoak) ez ote duten betirako eramaten laborari miresgarria beren baitan, bertze lanbide bat hautatu badute ere. Datxekien balioa da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.