Cayetana Fitz-James Albako dukesa larri zegoela iragartzen hasi zirenetik neure buruarekin parioka ibili naiz igarri nahian zenbat erabiliko ote ziren libre, errebelde, apurtzaile eta ausart adjektiboak. Halaber, zenbat areagotuko ote ziren lore horiek laudoriotan dabilen agintari edo hedabidea eskuinetik zentro-ezkerrera hurbildu ahala. Eta bete xamarrean asmatu dut: Espainiaren zentro-ezkerra bainoago zentralitatea diren hedabide taldeko egunkari-irratietan libre, errebelde, apurtzaile eta ausart zela esanez goretsi dute oinordekotzaz eta jauntxokeriaz Espainiako fortuna eta latifundio handienetakoen jabe zen aristokrata. Haren askatasun sena ez ezik, konpromisoa eta karitatea ere miretsi dituzte zentro-ezkerreko bainoago zentralitate diren politikariek. Pastelari ginga: felipista ei zen.
Funtsean, Espainiako trantsizioaren paradigma da Albako dukesa: libertatea bizi-estiloen berritze hutsean ulertzea —sexu-afektu ohituren lasatzean, kontsumo aukerak ugaritzean, harreman sozialen informalizatzean...— sakoneko justizia arazoei heldu gabe; are, betiko boteredunek betikoan segi dezaten.
Abel Paz anarkista zenak esan zidan elkarrizketa batean: Espainiako trantsizioaren iruzur handienetakoa zela egiazko nekazaritza erreformarik ez egitea; hau da, lurraren banaketa justurik. Eta Albako dukesa zela onuradun nagusia.
BIRA
Onuraduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu