Ainize Madariaga

Pantxoren ib(h)ilbidea

2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun

Batzuetan birikak puzten dituzu gehiago, iduri luke badutela gibeleko erreserba-gela. Orduan ohartzen zara arnasten ari zarela, ematen du halako bake-aire bat giroari. Halaxe harrapatu dut ene burua, alabari irakurtzean Pantxo zezenak kausitzen duela jendeen atzaparretatik libratzen, zezen-plazatik jauzi eginez eta hiriko karriketan barrena galduz. Pello Añorgak idatzi eta Jokin Mitxelenak ilustratu duten liburua heldu zaigu etxerat Haria-harpidetzari esker.

Eguna ipuin horrekin bukatu badut, bertze honekin hurrengoa hasi: goizean goiz zezen-kumeak ihes egin duela Donibane Garaziko hiltegitik. Irratiak oihu egiten du, behin eta berriz: «Karriketan badabil aratxea, kasu eman ezazue. Azkenik ikusia izan da Jai-Alaiko biribilgunean. Bistaratzen baduzue, otoi, deitu hona, hemen baitira laborariak beha». Hondarrean, oren batzuen buruko atzemana izan da; non eta Donibane Garaziko hiletxeko baratzean. «Nahi zuen jendea bildu, gaizoak, omenaldia», bota dit adiskideak. Hiltegitik, hiletxerat, Pantxo dei dezakegun aratxeak, bizia luzatu dio bere buruari, asteartera arte, gutienez bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.