garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Txirula

2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bulegora oinez doala, barrenak nahasi zaizkio aseguru-saltzaileari, eskale txirulariaren erruz. Arreta bere gauzetan jarri ezinik, gustura lepoa bihurrituko liokeela darabil buruan, txanponez saritzeko gogoa piztu baino gehiago, hozkamina eragiten diolako txepetx gogaikarri horren tiruri-tirura zoroak.

Baina tipoaren piuraz jabetu denean —praka eskoziarrak kremaileraz josita, tixert zulatua—, zein doinu lardasten ari ote den asmatzea proposatu dio bere buruari, topikoenetik hasita: «God-sa-ve-thequ-een, the-fas-cist re-gi-me»... Ez dirudi haren putz karrankariekin bat datorrenik. Eskorbutorenarekin saiatu da ondoren, «mu-txa-poli-zi-a po-ka di-ver»... Ez ba. Hori ere ez. «Es-ku-peal-al-cal-de es-cu-pe-al-mi-nis-tro-ooo», otu zaio gero gasteiztar haiek gogoan, baina berriz ere oker zebilela konturatzeko betarik ez dio eman. Txirula ahotik atera, batutatzat hartu eta elkarrekin abesteko gonbita egin dio besteak, orroka, solisombra bezalako pattarrek loditutako tinbreaz: Sutan jartzian probatutzen da nolakua dan eltziaaaa...

Ikaraz intzirika egin du ospa handik aseguru-saltzaileak. Baina ez punka eta Txirrita senidetu dizkiolako, emazte ohiak behinola esandakoa entzun uste izan duelako baizik: «Dena itxuragatik epaitu behar beti, jasanezina zara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.