Zorua nabari dut dardarka gauaren erdian, burrunba batek lehertu burua, sabaia erori gainera eta hautsak eragotzi arnasa hartzea. Ez dakit ongi zein ordu den, non nagoen, alde egin nahi nuke, ihes, baina gorputza izoztu zait.
Begiak zabaltzea lortu dut eta ohartu naiz bizi dudana bonbardaketa baten ondorio besterik ez dela, hain zuzen mendebaldeko zuriok terrorizatu gaitzaketen lehergailuen aurrean. Lokartu bainaiz Parisko gorpuen eta oihuen irudiak ikusiz, Siriako bonbardaketa baten ostean bi mutikok haur txiki bat izuaren izuz negarrez gogor besarkatzen dutela ikusiz; «Gerran gaude» buruzagi gorbatadun zuriak kontundentziaz esan duela adituz; neskatila batek aitaren gorpua nola astintzen duen ikusiz, ez-hiri bilakatu diren kaleetan.
Mendebaldeko zuri ezkerpentsanteon aurkako bonbardaketa modernoak eta bazka dira irudi guzti horiek, ezer egin ezin baina ikustea ekidinezina bilakatu eta loa eten eta asaldatu nautenak. Inpotentzia eta desesperaziora kondenatzen gaituzten pornografia humanistaren aurrean gaude ordenagailuaren bestalde.
Baina negarrik ez. Eztarria ixterainoko korapiloa nabari badugu ere, negarrik ez, malkoek ez gaituztelako humanoago, ezkertiarrago, sentiberago egiten. Terrorea ez dagoelako gure etxean, negarrik ez, krokodilo malkoak ez direlako aldaketen motor.
Gu arrazionalak garelako, badakigulako jakin, Parisen adina dugula bihotza Sirian, Palestinan, Iraken. Gu arrazionalak garelako eta badakigulako jakin ISIS delakoa gure gobernuek finantzatu dutela. Negarrik ez, badakigulako mendebaldeko zurion heriotza bakoitza ez dela etxetik kanpora jokatzen dugun gerraren ondorio txiki bat besterik, eta agian apur bat merezi dugula.
Negarrik ez, hipokrisiarik ez, nire etxea ez dutelako lehertu, ez bonbardatu; soilik nire buru humanistak alerta piztu dit gauerdiko amesgaiztoan, eta bizirik nago, biziegi agian.
LARREPETIT
Biziegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu