Uda beteko (p)lana

Brita

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Agure karraskaria bere urtebetetze ospakizuna antolatzera behartu dute seme-alabek. Familia elkartzeko aitzakia omen, eta ilobak ikusteko aukera paregabea. Nola esan, alargundu zenetik jasangaitza zaiola jendartea. Nola adierazi, aspaldion seme-alabak berak baino are gogaikarriagoak egiten zaizkiola haien ume setosoak. Nekatu egiten dute, nardatu, bere onetik atera, etxeko zokoak tifoiaren antzera iraultzen dizkiotelako. Pasa dadila albait lehen eta bakea. Dagoeneko ez baitu atzerabiderik.

Elkar hartuta, batera heldu zaizkio bisitariak. Afari legea egiteko mahaia bapo jarria zuen ordurako, eta behingoagatik libratuko zela uste zuen, baina hantxe atera dizkiote kandelak, haiek paratzeko tartarik erosi ez duen arren. Gorroto ditu ziri ziztrinak. Sekula ez du ohitura konprenitu, ezta emaztea zenak pizten zizkionean ere. Gerra garaiko gabeziak gogorarazten dizkiote.

Protestak protesta, ufatu egin behar izan ditu azkenean. Malkotan guritu zaizkio begiak, azken hatsa eman arte ondoan izan behar zuenaz akordatuta. Hunkituta gainerakoak ere, barrenkoia eta zorrotza izan den gizasemeari bihotza deskubritu diotelako. Abagune aproposa galdu gabe, kakofonikoki kantatzeari utzi eta oparia atera diote: Brita pitxerra, zelofanetan ondo bilduta.

Bere gogorrera etorrita, madarikatzen hasi da aitona. Eta gaiztotzen. Zertarako behar ote duen. Iturriko ura filtratzeko dela azaldu dio errainak, sanoago edango duela aurrerantzean. Bere iturriko urak ezer txarrik ez duela, besteak, zer dela-eta bururatu zaien zentzugabekeria horretan dirua gastatzea. Kloro zaporea kenduko diola, semeak. Kartutxoekin zer egin behar ote duen, agure egoskorrak, hilero aldatu beharra nahasmen handia dela, eta garestiegiak direla, eta erabilitakoa zein koloretako ontzitan bota behar duen. Bere adinean horrelako lanak ematea ere badela marka. Ezetz, demontre. Ez duela erabiliko. Itzultzeko.

Esker txarrekoa eta erremediorik gabeko kaskagogorra dela iritzita, espantuka alde egin diote bisitariek. Lasaitu ederra hartu duela pentsatu du halere, erratza hartu eta etxe osoan barreiatu dizkioten txorizo zatiak biltzen ari dela. Gabonak arte behintzat, bakea emango diotela.

Biharamunean, gosaldu berri dela, medikuak eskatutako gernu analisiarekin akordatu da. Baraurik jada ezin egin eta hitzordua atzeratzea otu zaio lehen kolpean. Errieta egingo diote, ordea, pronto txarreko sendagile horrek bereziki, hirugarren hutsa izango litzatekeelako.Eta hara non etorri zaion akordura zorioneko Brita. Traste zaharren armairutik atera, hanka artean jarri, bertan maskuria hustu eta filtratu dion txizaz potoa beteta, anbulatoriora jo du korrika. Azken finean, kloroa garbitzeko gauza baldin bada, bere kafesne-zopen arrastoa ere disimulatuko diolako ustean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.