Vicent Partal.
Enbaxada bila

Canal 9 adibide

2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Valentziako PPren gobernuak ezustean itxi du aste honetan RTVV, Canal 9ren emankizunez arduratzen den enpresa publikoa. Kateak ongi merezia zuen ospe txarra gorabehera, ikaragarria izaten ari da herritarren erantzuna.

Langileak hartu dute kontrola, eta erabat aldatu da katearen itxura. PPk galarazia zuen guztia ikus daiteke orain. Galarazia zegoen guztia egin. Besteak beste, Països Catalans esan daiteke seinalea galdu gabe, baita metroko biktimei buruz hitz egin ere, hilabete eta urteetan isilarazi egin baitituzte zentsurarik lotsagarriena baliatuta.

Canal 9 ixteak, baina, izugarrizko itzala izan du kulturan eta nazioan. PPk berak TV3ren hainbat kate itxi zituen duela bi urte, Valentziako herrialdeen berri ematen zutelako; eta, orain, Canal 9 itxi digutelarik, katalanez diharduten telebistarik gabe utzi gaitu ia-ia. Tokian tokiko kate batzuk bakarrik geratzen dira alternatiba gisa.

Berriro ere, Nafarroaren antzeko egoeran gaude, han ere hein batean bakarrik ikus baitaiteke ETB, eta soilik formatu analogikoan bezain zaharkituan.

Langileek Canal 9ren alde egin dute, logikoa denez, baina baita gizarteko beste hainbat eta hainbat sektoretakoek ere, katesekula ez agertuagatik—zentsura zela tarteko—. Hala ere, jakingarriena da PPren boto-emaileetako askok beren burua salduta ikusi dutela itxiera hori dela eta. Canal 9k erakustaldi handiak egiten zituen hainbat festa, jai eta ospakizunetan, eta orain inortxok ez du egingo. Litekeena da, beraz, kolpe latza izatea Valentziako PPrentzat.

Eta, orduan, eta hori guztia jakinda, zergatik itxi dute? Erraza: Madrilen aginduz. Adibide horrek ezin argiago eta hobeto erakusten du zer den Espainia eta zer proiektu dakarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.