Mitt Romneyren kanpaina eta aukerak pixka bat gehiago hondoratu dituen bideoaren zatiak aspalditik zeuden sarean. Joan den maiatzean grabazioa egin zuen pertsona oraingoz ezezaguna saiatu omen zen kazetari ospetsuei bideoaren berri ematen Twitterren bidez, baina, nonbait, inork ez zion jaramonik egin. Bideoa editatu gabe zegoen, eta badirudi ez zegoela ziur baieztatzerik hitz egiten zuena Romney bera zela.
James Carterrek hainbat telebistatan kontatu duenez, joan den hilaren bukaeran atzeman zituen grabazioaren zatiak sarean, eta berak bultzatu zuen egilea bideo osoa Mother Jones aldizkarira bidaltzera. Hortik aurrerakoa ezagunagoa da: errenta zerga ordaindu behar izateko gutxieneko irabazietara heltzen ez direnek eta bestelako salbuespenengatik zerga hori ordaindu beharrik ez dutenek—hautesleen %47, populazioaren multzo behartsuena— botoa erremediorik gabe Obamari emango diotela eta, beraz, haietaz kezkatzeko asmorik ez duela esan zien Romneyk kanpaina finantzatzaile handi batzuei Boca Raton-en (Floridan) egindako bilkura itxi batean, inguruan mikrofonorik ez zegoelakoan. Mother Jones aldizkariak bideoa argitaratu duenetik, hondoraino sartutako hanka atera ezinik dabil hautagai errepublikanoa.
Romneyren aitarekin akordatu dira asko. 1968an Richard Nixonekin hautagaitza errepublikanorako lehian bete-betean ari zenean, inkesten arabera aurretik zihoanean gainera, esan behar ez zuena esan zuen. Ordurako Vietnamgo gerran esku hartzearen aurka zegoen, baina hiru urte lehenago alde zergatik egon zen azaltzeko, Vietnamgo tropak bisitatu zituenean militarrek burua jan ziotela aitortu zuen: «Inork jasan dezakeen buru janik handiena jasan nuen».
Tipping point argia izan zen. Malcolm Gladwell kazetariaren liburu bati zor zaio esamoldea: Tipping Point, edo nola gauza txikiek alde handia eragin dezaketen. Ez da erraza gertatzen diren unean bertan atzematea, baina denborarekin argiago ikusten da zer gertaera txikik aldarazi zuen zerbait askoz handiagoa. Boca Ratongo bideoarekin, Romneyren lehendakaritzarako lasterketa bukatu dela idatzi dute batzuek: soldata xumeekin edo batere soldatarik gabe bizi diren milioika herritarrei buruz mespretxuz hitz egitean, lehendik zuen desabantaila nabarmena desabantaila gaindiezina bihurtu duela. Kaput. Oraindik denbora dagoela diote, aldiz, askok. Arrazoiz. Pentsa: oraindik aurrez aurreko hiru debateak egiteko dauzkate.
Horixe dute garizuma baino luzeagoak diren kanpainek. Astia ematen dute hanka sartzeko, ateratzeko, berriz sartzeko eta atzera ateratzeko, aurkariak berea sartu, atera eta berriro sartzeko denbora izango duen esperantzan. Clint Eastwoodena ia ahaztu zaigu dagoeneko: gai eta doinu librea eman zioten errepublikanoek aktore zaharrari alderdiaren konbentzioan eta, badakizue, Andoni Egaña bailitzan, aulkiari begira inprobisatzen hasi zen bakeroa. Emaitza ez zen errepublikanoen oso gustukoa izan.
James Carter, sarean galduta zegoen bideoa argitara ekarri omen duena, Jimmy Carter presidente ohiaren biloba da. Eta aitona maite baduzu, errepublikanoak nekez maiteko dituzu. Obama atzerri politikaren gainean barregarri utzi nahi duten bakoitzean, Carterrekin alderatzen dute. Obamari ez diote leporatzen historiako komandanteburu txarrena dela, baizik eta Carterren ondoren dela txarrena; gogorrenak, ahoa berotzen zaienean, Carter bezain txarra dela esatera iristen dira. Horregatik, oraintsu Aieteko Adierazpena sinatu duen —eta 90etan bere izena duen fundazioaren bidez euskal gatazkan bitartekaritza lanetan lagundu zuen— presidente ohiaren ilobak mendekuaren zapore gozoa sentitu duela iradoki duenean telebistan, ezin ukatuko dugu gertuko sentitu dugula une batez.
Handik eta hemendik
Carterren mendekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu