Mahatsa biltzen hasteko sasoi da, biltzaileak mahastizainaren argibideak entzuten ari dira. Guraizeak nola erabili, mahats-mordoak nola moztu eta otarretan nola jaso, mahatsa eta txori-mahatsa nola bereizi… Biltzaile gehienak euskal herritarrak dira, baina batzuek ez baitakite euskaraz, mahastizaina gaztelaniaz ari da argibideok ematen. Hitzalditxoa bukatutakoan, galderen zain gelditzen da. Biltzaileetako batek eskua jasotzen du, eta diotso euskara garbian:
Aizu, barkatu, baina… argibideak emango zenituzke euskaraz? Ez dakit gaztelaniaz…
Denek buruak jiratu dituzte. Eskua jaso duenak ekialdeko aurpegiera du, eta Shinohara Gakuji du izena. Japoniarra da, urtero etortzen da Euskal Herrira. Behin, Japoniari buruz ari ginela, Gakujik esan zidan:
Gu dardara baten gainean bizi gara.
Orduan pentsatu nuen esaldi eder hura har zitekeela bizitzaren metaforatzat ere. Ikusten ari garena metafora guztien gaindi ez balego…
Hitz beste
Dardara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu