Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Deituiozu X, nahi baduzu

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Zenbait albiste hobeto ulertzen dira batera hartuta, bereizita baino. Joan den asteazkenean, elektrizitatearen sorkuntzari buruzko datuak jakinarazi genituen Nòs Diario-n, aurtengo lehen seihilekoari dagozkionak, eta berretsi egiten dute Galizia beregaina dela gai horretan. Sortzen dugun elektrizitatearen %35 esportaziora bideratzen dugu. Datu horiek Espainiako Sare Elektrikoarenak dira, eta erakusten dute, halaber, Madrilek %95eko defizita duela energia elektrikoan, eta Espainiako hiriburua dela Galiziako energiaren onuradun nagusia, musu truk.

Larunbat honetako edizioan, Espainiako Bankuaren buletinak emandako azken datuak jaso ditugu: erakusten dutenez, Galizian nolabaiteko presentzia duten finantza eragileek guztira 26.833 milioi euro erbesteratu zituzten 2021eko lehen seihilekoan, galiziarren aurrezkiak denak ere. Zenbateko hori Galiziako BPG barne produktu gordinaren %41,6 da ia, eta Xuntaren 2022rako aurrekontua baino 15.206 milioi handiagoa. Historiaren betiko leloa da: aurrezkia eramaten dute Galiziatik kanpoko inbertsioen mesedetan, eta, berriro ere, Madril da onuradun nagusia.

Mendekotasunak baditu fenomeno bereizgarri batzuk: ekoizpena balio erantsi txikiko produktuen esportazioan espezializatzea, eta kapitala mekanismo askotarikoen bidez drainatzea, besteak beste. Horrek berekin dakar nazio aberats bat pobretzea, beste ahaltsuago batzuen mesedetan; herri batzuk azpigaraturik egotea, ustiatzaile dituztenak garatu daitezen; erdigunea ez den oro periferia bilakatzea, eta lana banatuz lurraldeka espezializatzea, batzuk galtzen eta beste batzuk irabazten, Eduardo Galeano handiak bikain definitu zuen moduan.

Azpigarapena ez da sorginen kontua, egiturazko kausa batzuk baititu atzean. Jatorriak duela ia bost mende du abiaburua, eta azalpena, berriz, Galiziaren dependentziari lotua dago zuzenean. Orain dela mende bat baino gehiago hasi ziren hori argudiatzen herrialdeko buru ekonomikorik onenetako batzuk, espoliazio etengabea salatu izan baitute eta salatzen baitute oraindik, kolonialismotzat ere jotzeraino. Zenbaitek X deitu nahi dio, baina arazoa berbera da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.