Ustekabe handia eman dute aste honetan Alemaniako ekonomian pisu handia daukaten 30 enpresak, aurreneko aldiz horren modu nabarmenean sartu direlako hauteskunde kanpaina batean. Ez gaude ohituta, ez dugulako sekula ikusi, ez Alemanian eta ez Alemaniatik kanpo, enpresariak hauteskunde batzuetara aurkezten den alderdi bat horren modu agerikoan seinalatzen, nahiz zuzenean aipatu ez emaitza onak edukiko dituen AFD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultra.
Bayer, Volkswagen, BMW… erreferentziako enpresak dira Mendebaldeko ekonomian, Alemaniako eta Europako ekonomiaren traktore indartsuak. Aurki egingo diren Europako hauteskundeen harira, enpresa horiek kezka agertu dute Alemaniako ultraeskuinak, proposamen populisten bidez, lor dezakeen babesaren inguruan.
Ultraeskuinak immigrazioaren aurka daukan jarrera salatu dute enpresek, ezkutatu gabe migratzaileen faltak haien enpresen jardunean eragin lezakeen kaltea; enpresa horiek milaka migratzaile beharko dituztelako etorkizunean. Interes ekonomikoaren usaina dario ekinaldiari, balioen aipamenarekin jantzita.
Enpresa indartsu horiek langileentzat antolatzen dituzten formakuntza planetan badauzkate xenofobiaren aurkako ikastaroak, detektatzen dituzte direktiboen jarrera arrazistak, genero berdintasuna sustatzen dute, arriskuan ikusten dituzten balio horien kontzientzia zabaltzen dute langileen artean…?