martxelo otamendi

Azken 'felipista' Prisatik kanpo

2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Espainiako behinolako komunikazio talde indartsu Prisan (El País, SERirratia, As, Caracol, Santillana...) azken urteotan egon den aizto dantzaren arrazoia partidista da. 

PSOEko idazkari nagusi (1974-1997) eta Espainiako presidente (1982-1996) Felipe Gonzalezek asko agindu zuen komunikazio talde horretan sorreratik, barruan txertatuta zeuzkan lagun kazetarien eta enpresarien bidez, eta Prisako kontseilu editorialeko kide izan delako 2021 arte. Presidente ohi bat komunikabide baten kontseilu editorialean?

El País-eraino iritsita zegoen Felipe Gonzalezen eta Pedro Sanchezen arteko borroka, bereziki Prisako nagusi berria, Joseph Oughourlian enpresari armeniar-frantziarra, iritsi zenetik.

Hiru peoi felipista historiko zeuzkan Gonzalezek iritziko orrialdeetan, Sanchezi etengabe egurra ematen: Antonio Elorza irakaslea, Fernando Savater idazlea eta Juan Luis Cebrian, El País-en zuzendari sortzailea eta Prisako lehendakari ohia. Zuzendaritza berriko sanchezaleek ez zekiten nola moztu hiru behi sakratuekin, komunikabidearen aurka antolatuko zuten kanpainaren beldur. Arduradun berriak Sanchezen aurkako hiru felipistek aitzakia eman zain egon dira bi urteotan.

Elorzak ekaitza sortu zuen 2022ko uztailean bota zutenean; Savaterrekin aurtengo urtarrilean bukatu zuten, lerro editorialari egindako kritikengatik; eta, azken felipistari, Cebriani, joan den astean kendu diote papereko ohorezko lehendakari kargua, The Objective digital kontserbadorean idazten hasiko dela jakin denean, El País-en esklusiban idazteko zeukan akordioa urratuta.

Hirurek, Elorzak, Savaterrek eta Cebrianek, The Objective-n egingo dute topo. Jose Luis Corcuera bakarrik falta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.