Urteko egunak baino santu gehiago eman baitu humanitateak, egun bakoitzak luzea du bere santuen zerrenda. Hogeitik gora dira gaurkoak: Aptonio, Benao, Ceda, Gibitruda, Ebaristo…
Auzi bertsua gertatzen zaie Nazioarteko Egunei: egutegiko egunak baino egiteko gehiago dagoela (gosea, emakumea, minbizia… ). Hastapenetan, egun gutxi ziren. Ugaritzen joan dira, ordea, eta egutegia ez baita goma bat, gero eta gehiago dira nazioarteko hiruzpalau ospakizunei ostatu ematen dieten egunak. Ugaritasunean irabazitakoa intentsitatean galdu da. Hainbeste izateak banalizatu egin ditu. Baina bada salbuespenik: herenegundik hilaren bukaeraraino, Nazioarteko Aste bat ospatzen ari gara, beste inolako egun seinalaturen enbarazurik gabe: Desarmeak aste oso bat beretzat izateko ohorea.
Bakeak egun bakarra duela nazioarteko egutegian? Aldeak logika guztizkoa du, kontuan izanda desarmerik gabeko egoerei bakea deitzen diegula.
Hitz beste
Desarmea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu