martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Digitu baten faltan ote?

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Alemaniako berdeen buruzagi batzuek uste dute Alemaniak ez duela nahi Kataluniaren independentzia, Espainiako Barne Produktu Gordinari %19 kenduz gero Europak, Alemaniak bereziki, hartu beharko lukeelako bereizketa horrek Espainiari sortuko liokeen zama ekonomikoa. Horrela kontatzen du Raul Romevak, kaleratu berri duen Esperança i llibertat liburuan.

Ez da izango, seguru, arrazoi bakarra eta nagusia, baina bai kontuan hartzekoa. Estatu kideen arteko elkartasuna eta diplomazian horrenbeste erabiltzen den «mind your bussines (zure auziez arduratu)» ez da oso urruti egongo lehen postutik arrazoien zerrendan.

Liburu interesgarri horretatik atera gabe, azken urteotan beste inor baino Kataluniatik kanpoko diplomatiko gehiagorekin egondako katalanak, hau da Romevak, diosku Kataluniako prozesua lehen urratsean dagoela oraindik. Alegia, kanpoan ulertu bai, ulertzen zaituztetela, baina babestu ez, oraindik.

Bat dator guztiz Romevaren ondorio hori duela hilabete batzuk Puigdemont presidenteak BERRIAri esandakoarekin: Kataluniako arazoa ezagutarazteko fasean zeudela, eta gero etorriko dela babes diplomatikoak eskatu eta jasotzeko tenorea.

Espainiako estatu egiturek zail jarriko dute zeregin hori, asteon Miquel Iceta buruzagi sozialistarekin gertatutakoak erakusten duen bezala. Ezarritako arrastotik irteten denari estatuaren harlauza astuna jausiko zaio buru gainera, batere gupidarik gabe.

Hori horrela, Icetari egindako elkarrizketa irakurri zuen batek baino gehiagok pentsatuko zuen, ez arrazoirik gabe, Icetak adierazitako 10 eta 15 urteko epe hori ez ote genuen ondo transkribatu paperera; alegia, Espainiako errealitatea ikusita, ez ote zaion zenbakiari digitu bat falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.