Uda beteko (p)lana

Eguneroko ogia

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Noizik eta behin egin ohi duen bezala, hondartza aldeko okindegiraino heldu da gizaseme patxadatsua, familia handi bateko patriarka dirudiena. Salmahairainoko korridore estuan itxarongo du ilaran, hura baino lehen iritsi diren bezeroak joan ahala aurrerapausoak emanez, bere txanda heldu arte. Egun berezia du gaurkoa. Aspaldian ez bezala, Iruñean bizi den anaia eta haren familia etorriko zaizkio bisitan, eta sarriago lotzeko aitzakia eman nahi die disimuluan. Oturuntza oparo baten bidez, noski. Eta jakirik preziatuenak ere ezer gutxi balio baitu zerekin lagundu, zerekin busti, zerekin bultzatu ez badago, Hendaiako mamirik gozoena eramango die mahaira, labetik atera berri-berria, ia eguerdia den honetan, jendeak harrapazka eraman nahi duena.

Albo batera dagoen erakustokiari begira eman ditu azken urratsak. Ogi zapalak, biribilduak, mamitsuak, lehorragoak, zekalez edo arto txikiz eginak, olotan edota sesamotan nahiz mitxoleta hazitan forratuak… Bada zer aukeratua lerroan tente ipinitako ogi horien guztien artean. Artelanak dirudite. Txanda heldu zaionean, gauzak argi adierazten dakienaren antzean egin du eskaera, hitzak ongi ahoskatuz, salmahaiaren bestaldean duen emakumeari begietara begira, eskuak patriketatik atera gabe:

—Hiru Beltz —izen hori du zekale irinez egindakoak —sesamodun bat eta biribil mamitsu bat, xerratuta.

Isiltasuna. Betaurrekoak hatz-koskorrez goratu, gizonaren sorbalda zabalak saihestu eta ilararen luzerari erreparatu dio atariko «egun on»-etik aurrera kopeta ilundu duen eta ozpin usaina darion andereak. Hola etortzen zaizkion guztiei bezala, tonu frantsestuan «tres Beltzas y que mas» lehor batez erantzungo ziokeen betarik eman izan baliote, euskaraz mintzo direnak espainolak baitira saltzailearen iduriko; baina atzexeago, burua albo batera okertuta ageri den bezero prestu batek ilararen logika hautsi eta airean hirusegundo luze daraman esaldia itzuli diofrantsesera.

Poliki, burua biratu du gizonak, inortxok eskatu gabe interprete lanetan jarri den euskaldun-baina-beti-frantses-hiztun prestuaren bila. Aise aurkitu du. Ez da dudarik. Txanponak eskuetan txintxinka darabiltzala, irribarre egiten dio kasik ate ondotik, irribarre konplize eta herabea izan nahiko lukeena, baina harroxko ageri duena. Gizonari, bere eskola garaiko koipelustrea ekarri dio gogora, Leitza aldeko herrixka triste hartan, Don Jazinto irakasle zorrotzaren faboreak irabazteko, euskaraz aritzen ziren ikaskideak saltzen zituena. Eta barre egin dio, barre ziniko eta errukiz betea. Gero, ogiak besapean hartuta, egun ona opa diela adierazi die bertan bildutako guztiei. Lehenik, euskaraz. Atzetik, eta bereziki itzultzaileari begira, frantses ezin bikainagoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.