Elefobia
Izena duen oro da, hala diosku tradizioak, baina horrek ez du esan nahi izendatu gabea existitzen ez denik. Nork esan dezake ez dagoela hizkuntz arrotzekiko gorrotorik? Nola deitzen zaio lur elebidun batean hizkuntza bakarreko justizia praktikatu nahi duenari, indartsua inposatu ondoren ahulari ez presiorik egiteko eskatzen duenari, hizkuntza handiak eta txikiak bereizten dituenari, «habla en cristiano» esan eta praktikatzen duenari? Nik dakidala, ez daukagu halako jendilajea izendatuko duen hitzik. Baina egon, erruz ikusten ditugu halako gizolkiak eguneroko bizitzaren bazter-jauregietan.
Xenofobia atzerritarrekiko gorrotoa bada, elefobia ez litzateke hitz desegokia besteen hizkuntzekiko herra izendatzeko. Hauteskundeak, Katalunian. Katalanaren kontrako praktika daraman politikari askok beren elefobia ezkutatuko dute kanpainan, eta lotsarik gabe aipatuko Verdaguer edo Espriu beren mitinetan.
Elefobo alaenak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu