Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Erabakimena, panpina hori

2013ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Aldaketaren bertutea dugu sozialistok» esan, eta Antzoki Zaharreko ikusleek barre egiten zuten. Mañu Elizondo aktorea zen, Rodolfo Aresen plantak egiten Su txikian antzezlanean, Gabriel Ocina Arnaldo Otegi-rekin eztabaidan. Bota dezala lehen harria hogeita hamar urteotan jarrera, jokaera, estrategia aldatu ez duenak, erantzungo luke Ares benetakoak, eta arrazoi luke. Baina ezin uka alderdi sozialistako buruzagiak aldatzeko gaitasuna erakutsi dutenen elitean direla.

Maisuetan maisu, Txiki Benegas. Sezesioa modu baketsuan lortu daitekeela pentsatzea inozokeria dela eta Espainiak lurralde batasuna indarrez defendatzeko eskubidea duela idatzi berri du (El Pais, 2013-2-21), eta, jakina, artikuluak argia ikusi orduko ikusi du argia berriro, sare sozialetan, autodeterminazio eskubidearen aldeko pankartari eutsi zioneko argazkiak ere, Felipe Gonzalezek «Gora Euskadi askatuta!» oihukatu zueneko bideoarekin batera. Benegasen aldarriak ez du alderdian hautsik harrotu. Isunik behintzat ez diote jarri, PSCko diputatuei bezala.

Idoia Mendia PSE-EEko eledunari galdetu diote (Radio Euskadi, Boulevard, 2013-2-26) ea PSE-EEko diputatuak imajinatzen dituen PSCkoek egin dutena egiten: «Ez. Gu PSOE gara». Ea zer iruditzen zaion PSCkoek bozkatu dutena bozkatzea: «Alderdi asoziatuak dira [PSOE eta PSC]. Horregatik hautsi dezakete boto diziplina». Esango nuke elkarrizketatzaileak, eta entzule askok, erabakitzeko eskubidearen gainean batzuen eta besteen jarreren arteko aldeari buruzko erantzuna espero zutela, baina ez: gu PSOE, haiek ez. Eta erabakitzeko eskubideari buruzko azalpenetan, maila: «Jendeari egia ezkutatzeko nazionalistek erakusten duten panpina besterik ez da erabakitzeko eskubidea (...). Gardentasunez eta argitasunez hitz egin behar da».

Patxi Lopezek ideia bera plazaratu zuen orain ez asko (El Pais, 2013-1-11), Kataluniako nahiz Euskal Herriko abertzaleei argiago hitz egiteko eskatu zienean. Kanadako Argitasunaren Legea eredutzat hartu eta David Cameron goraipatu zuen, Gobernu eskoziarrari galdera argi eta garbia exijitzeagatik. PSE-EEren logikan, Generalitatearen errua bide da Masek eta Rajoyk Cameronek eta Salmondek bezala galdeketari buruzko akordiorik ez hitzartzea. Egiari zor, Espainiako Konstituzioa aldatzea ere proposatu zuen PSE-EEko buruak, eta Benegasen antipodetara joan zen gogoeta honetan: «Ikuspegi demokratikotik, ez da erraza azaltzea gure lurraldearen zati (...) bati banandu ahal izateko bidea ukatzea, bere biztanleriaren gehiengo oso kualifikatu batek modu argian hala eskatzen baldin badu». «Agian» «gure argitasunaren legea» egitea komenigarria litzatekeela esanez bukatu zuen argudioa. Benegasengandik baino PSCtik gertuago agertu zen artikulu hartan, baina handik hilabetera bera alderdiaren buruzagitzan berretsi zuen biltzarrean ez zuten inolako zirrikiturik ireki. Irungo alderdikideek erabaki eskubidearen alde proposatutako mozioa baztertuz PSCren bidea arbuiatu zuten, eta kito.

Erabaki eskubidea arautzearen aldekoei isunak jartzen dizkietenen aldean dago PSE-EE, PSN bezala (PSOE dira, zer nahi duzue), baina isunak jaso dituztenek mugarria jarri dutePSOEren ortodoxiarekin hautsiz. Katalunian eta Madrilen jokatzen ari den pultsuari ez ikusiarena egiten ari dira PSOEren hemengo adarretan, baina badakite haren eraginpean daudela eta, inoiz, aldatzeko gaitasun paregabe hura berreskuratzea erraz diezaiekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.