Amaitu berri diren Gasteizko jaietan Katixa Agirre txupinera izan da, beste hiru gasteiztarrekin batera, euskaren alde egindako lanagatik. Katixa Agirrek berak azaldu zuen joan den ostiralean Gaur8n idatzitako «Euskara olinpikoa» artikuluan anekdota —orain berriro esplikatuko dudana, badaezpada norbaitek ezagutzen ez badu—: Balkoian etxafuegoa botatzean hainbat lagun hurreratu zitzaizkien txupineroei zorionak ematera, eta, tartean, Javier Maroto, Gasteizko alkatea. Musuen ostean hauxe esan zion Agirreri: «Â¿Tú en euskera qué haces? ¿Dantzari o eso? (Eta zuk euskaraz zer egiten duzu? Dantzari edo?)». Berak «idazlea naiz» erantzun zion gaztelaniaz, eta, asko haserretu barik, jaietan murgildu zen atzera ere.
Aho bete hortz laga ninduen idatziak, eta zer pentsatu handia eman dit. Alde asko ditu jorratzeko eta ahaleginduko naiz hausnarketa guztiak plazaratzen. Batetik, klixez betetako pasartea da: euskara berdin dantzak, berdin folklorea. Gurea folklore hutsa da alkatearen imajinarioan. Jakina, folklorea ere bigarren mailakotzat du, gutxiespen-zentzua baitu berba horrek askoren hiztegian.
Bestetik, gertaerak Marotoren kultura falta ere uzten du agerian. Hizkuntza dantzarekin lotzen baitu. Identifikazio horretan zer dantzarekin lotzen ote duen gaztelania jakin gura nuke. Dibertigarria litzateke zein mapa mental duen jakitea.
Beste alde batetik, bere aholkularien hanka-sartzea ere itzela begitandu zait: formak mantentze aldera, txosten bat egin behar zioten bakoitza nor eta zer zen azalduz, eta alkateak aldez aurretik ikasi, gero barregarri ez geratzeko.
Axolagabekeria baino ez da, ziur. Pista asko ematen du, baina, Marotoren ikuskeraz. Axolagabekeria mespretxuaren lehen fasea da: jendeak eta bere lanak ez badiote ardura, inoiz ez da kezkatuko izan ditzakeen arazoez.
Baina ez dakit zertaz harritzen naizen! Argi dago Maroto jauna ultra cool horietakoa dena, bizartxodun modernilloa, Munduko hiritarra, bakoitzak-nahi-duen-hizkuntzan zalea. Hauteskunde kanpainan bere burua definitzean, hizkuntzez ziharduenean, euskara ere aipatu zuen. Ez dakit zer dela eta, tutik ere ez daki, barren!
Era berean, pasadizoa euskararen (eta bere kulturaren) egoeraren adierazgarri ere bada. Euskara ez dago hizkuntza-komunitatearen zentroan, marjinala da, bitxikeria. Euskaldun osoak (euskaraz ondo dakigunak) ez gara erdigunea. Zentro sinbolikoa, hirigunea, erdaldun elebakarrek okupatzen dute, eta euskaldun osoak errebalean gaude, anekdota xelebre eta pintoresko hutsa gara. Horrela baina txarto gabiltza, ez dugu inoiz aurrera egingo.
Inoiz zentro hori hartu eta okupatzen ausartuko ote gara? Horrela egin ezik, gure hizkuntzak jai dauka. Aborda dezagun erdigunea!
Gerizpean
Erdigunea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu