Robin Hoodek arkuaren soka tenkatua askatu du urkamendiko plazaren kantoi batean, eta gezi jaurti berriak ilobaren zintzurreko urka-bilurra eten du.Liburu, komiki edo filmaren bateko antzeko eszenaren batean ezagutu genuen erreskate hitza, eta gure irudimenak gezi haren balio justiziazkoa txalotzen zuen: heroiak gaizto malapartatu baten biktima bat erreskatatu du.
Eguneroko bizitza nagusitu zitzaion arte irudimenari. Erreskate errealak ezagutzen hasi ginen. Gure eskema justiziazkoaren ertzak lausotzen hasi ziren, uste baino zailagoa zen erabakitzea nor zen heroi, nor biktima, nor gaizto malapartatua. Txikitako eskemak ozta-ozta segitzen zuen zutik.
Orain, guztiz erori zaigu eskema: kaltea eragin digun malapartatua —bankua zein botere gaizki gestionatua— erreskatatu behar dugu espekulazioaren biktimok, nahiz eta dirua bera baino zerbait baliotsuagoa ere lapurtu diguten: erreskate ausart haien lilura.
Hitz beste
Erreskatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu