Uda beteko (p)lana

Euskaraz bizi

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bi haur koxkorturen amak hilabeteakdaramatza ikastolako gainerako guraso eta arduradunengandik ihesi. Oporraldikoak gehi beste lau, gutxi gorabehera. Ez da koadrilatxoa maite duen horietarikoa. Ez da, ikastolako atarian patxadan jarri eta hitz-aspertuan aritzekoa. Batez ere, harekin koadrila naturala osatu beharko luketenak —bere haurren ikaskideen gurasoak— jasanezinak iruditzen zaizkiolako. Beti kalaka merkean. Eta mordoilokeria hori, «eman hori, hombre, dela nirea» bezalako krimen linguistiko horiek, ezin ozenago, ezin probokatzaileago. Umore onaren seinale balira bezala, gainera, «eske, jode, gazteek horrela hitz egiten dute, tia». Ez lotsatzen!

Haien erruz aritzen dira haurrak ere, hain trakets, hain zabar, hain, hain… Ez da hitz zehatzik, hainbesteko hondamena behar bezala defini dezakeenik. Gureak egin du. Gureak egin zuen aspaldian. Eta zer akats genetiko ote dugu okerrari zuzenaren gainetik erreparatzeko? Zergatik kopiatzen ote dute haurrek formarik kaxkarrena beti? Zergatik dira haien gelako liderrak denetan makarronikoenak, esaldirik makurrenak asmatu eta gainera modan jartzen dituztenak? Txukunago aritzen diren apurrak ere galbidera eramaten dituzte-eta… Gogoratze hutsak dantzan jartzen dizkio barrenak.

Duela hainbat hilabete —oporraldikoak gehi beste lau, gutxi gorabehera— Euskaraz Bizi taldekoen inkesta heldu zitzaion jatortasunaren defendatzaileari, familia bakoitzaren hizkuntza planteamendua ezagutzeko galdetegia omen dena; etxe bakoitzeko komunikazio ohiturak, ezintasunak eta beste katalogatzeko balio beharko zukeena. Sutan jarri zen, espantuka, bazterrak kiskali beharrean. Galderak, inozoak eta profesionaltasunikgabeak iruditzeaz gainera, gaizki idatzita zeudelako. Erdarakadez eta akats gramatikalez jositako folioa besterik ez zelako. Ezin zuelako ulertu, zein txoriburuk jar diezaiokeen h-a 'aita' hitzari, eta gero ikastolen aldeko militante eta Euskaraz Bizi taldeko kide dela esan.

Errotulagailu gorria hartu eta labainkadaka ariko balitz bezala ekin zion testua zuzentzeari. Banan-banan nabarmendu zituen astakeriak, batzuetan gurutzeak eginez, bestetan dianen antzeko biribiletan hesituz, zenbaitetan ohar gaiztoz lagunduz. Adierazi behar zien ba nola-hala, egoeraren larritasuna. Gutun-azal handi batean sartu eta halaxe igorri zuen atzera, eskatutako erantzunak eman gabe, bidenabar esanda.

Orain kaka eginda dago. Ikasturte berriari ekiteko bezperatan garen honetan, badaki azkar batean Euskaraz Biziko koordinatzailearekin egingo duela topo. Beldurra dio momentuari. Ipurdi agerian gera liteke. Ez inkesta zirriborratu zuelako. Ez folio lotsagarri hura gorriz itzuli zuelako. Besteen ahalegina kritikatzea izan delako urte osoan egindako lan bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.