Zer esan zioten Barack Obamari asteazkeneko eztabaida hasi aurretik? Zerbitzu sekretuek zer mehatxu handiren berri eman zioten? Edo zer zorigaitz larri gertatu zitzaion bere gertukoren bati? Bob Woodward (Watergate kasua) eta Michael Moore kazetariak ados daude: burua beste nonbait zuen presidenteak Romneyri nahi zuen guztia esaten utzi zionean, aztoratuta utzi zuen albiste larriren bat eman ziotelako. Hara azalpena, Woodward eta Mooreren arabera.
Romneyk, aldiz, egin behar zuena egin zuen. Botoa erabaki gabe dutenak konbentzitu behar ditu orain, Tea Partyrengandik urruti dauden boto-emaile moderatuak alegia, eta flip-flopper fenomenala dela erakutsi zuen, berriro. Politikari batek gai jakin bati buruzko jarrera guztiz aldatzen duenean, flip-flop egiten du hemengo hizkuntza politikoan, eta horretarako joera duenari flip-flopper esaten zaio. Google-ren bilatzaile orokorrean flip-flopper jarriz gero, lehen hamar aukeretatik bost Romneyri buruz dira.
Massachusseten gobernadore zenean (2003-2007) moderatu fama zuen. Bai gai sozialetan eta bai politika ekonomikoan, Alderdi Demokratatik hain urruti ez dauden politikak bultzatu zituen. Baina Alderdi Errepublikanoaren primarioetan eskuin muturreko hautagaiekin lehiatu behar izan duenean, Tea Partykoen jarreretara gerturatu da nabarmen. Abortatzeko eskubidearen aldekoa izan zen lehen, abortatzeko eskubidearen guztiz kontrakoa da orain. Pentsatzen duena baino, esatea komeni zaiola pentsatzen duen hori esaten du Romneyk; politikari profesional gehienak bezala, baina gehienak baino nabarmenago.
Kontraerasoa hortik etorri da. Teleprompter-ak prest zituen Obamak biharamunean, eta ez zuen bezperan bezala huts egin. Aurkari izan zuen pertsona ez zela Romney argudiatu zuen presidenteak, Romneyren plantak egiten ari zen beste norbait baizik, parean jarri zioten pertsona hark Romneyren ordura arteko proposamen guztiak ukatu baitzituen: ez ditu aberatsen zergak jaitsiko, Obamaren osasun erreforma bertan behera utziagatik ez du inor osasun babesik gabe utziko, hezkuntza aurrekontuan ez du murrizketarik egingo... Horixe izan daiteke demokraten eztabaida osteko kontraerasoaren mezu nagusia: hemen da berriro gure flip-flopper-a.
Pozak gutxi iraun dio, gainera, Romneyri. Langabeziaren beherako joera baieztatu da Denverreko eztabaidatik bi egun eskasera. Oso aspaldiko partez, %8tik jaitsi eta %7,8an kokatu da; 2009ko urtarriletik, mailarik apalena. Franklin D. Roosveltez geroztik (1933-1945), AEBetako presidenterik ez dute bigarren legealdirako aukeratu %7,2ko langabezia tasa baino handiagoarekin. Baina ehuneko zehatza bainoago, joera da garrantzitsua. Eta 2009 bukaeran ia %10era iritsi zenetik, beherako joera makal baina etengabea izan du, oro har, AEBetako langabezia mailak. Ez dago Clintonen aholkulari haren ateraldi sonatu hura gogorarazi beharrik («It is the economy, stupid!»), hauteskunde hauen aldagai nagusia diru zorroa dela ez ahazteko.
Eztabaiden eta eztabaida osteen bidez desabantaila abantaila bihurtzeko aukerarik izan dezake Romney—beste bi aurrez aurreko dituzte oraindik—, baina langabeziari buruzko azken berriarekin eta antzekoekin, jai du.
Pentsatzen jarrita, Romneyk destainaz aipatu ohi duen Europa hori da, hain zuzen, hautagai errepublikanoaren esperantza nagusietako bat, asteazkeneko eztabaidan politika eta emaitza ekonomiko txarrenen eredutzat aipatu zuen Espainia barne. AEBetako ekonomiaren errekuperazio madarikatua etengo duen zerbait behar du, eta opari handi hori, seguruenik, krisi ekonomiko global honen epizentroak eman diezaioke: Europa zaharrak.
Handik eta hemendik
Flip eta flop
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu