Ez dut ulertzen nola alde egiten ari garen Iraketik, hango petrolioaz jabetu gabe». Horrelako esaldiak entzun daitezke egunotan AEBetako telebistetan Donald Trump elkarrizketatzen dutenean. Alderdi Errepublikanoko barne hauteskundeetan ez lehiatzea erabaki zuen azkenean, baina berriro hautagai plantak egiten hasi da, esanez Etxe Zurirako bozetan independente gisa aurkeztea ez duela baztertzen, hirugarren aukera gisa. Aho-handia da Trump, baina egia handiak ere badaude haren ateraldien atzean. Gerraren logika ekonomikoaz hitz egiten duten gutxietakoa da: «Irakeko petrolioa geure egiten ez badugu, gure soldaduek alferrik eman dute bizia han».
Salbuespena da Trump. Alderdi Errepublikanoko hautagaien arteko eztabaidetan Irak ez dute asko aipatzen. Zer esan. Baina Iran bai, Iran hitzetik hortzera darabilte, Iraken leziorik ikasi ez balute bezala. Beldurra ere ematen dute batzuek, telefono gorria erabili ere egin gabe botoi nuklearra sakatzeko desiratzen daudela ematen baitu. Ale ederrak utzi ditu osteguneko eztabaidak, zazpi hautagaiek barne hauteskundeetako prozesua hasi baino lehen egin duten azkenak. Michelle Bachmann, adibidez: «Badakigu zalantza izpirik gabe Iranek arma nuklearra lortuko duela eta gure aliatu Israel mapatik ezabatzeko erabiliko duela. Amerikako Estatu Batuen aurka erabiliko dutela ere esan dute. Irango Konstituzioari erreparatu besterik ez da egin behar: argi eta garbi dio beraien misioa jihada munduan hedatzea eta, azkenean, mundu mailako kalifatoa ezartzea dela». Txaloak. Rick Santorum: «Irak ez da beste edozein herrialde bezala. Al Kaedaren parekoak ditu agintean. (...) Haien helburua hondamendia eragitea da. Horixe erakusten die euren teologiak. Sinesten dute euren misioa Mendebaldea menderatzea dela. (...) Haien azpiegituren aurkako erasoa planifikatu behar dugu eta ohartarazi behar diegu beraiek ez badituzte ixten guk itxiaraziko ditugula».
Ez Santorumek ez Bachmannek ez dituzte irabaziko barne hauteskundeak, baina ez pentsa benetako lehian daudenek bestelako diskurtsoa dutenik. Newt Gingrich maillot horidunaren eta Mitt Romney faboritoaren arteko buruz burukoan nor erasokorrago agertu da borroka, atzerri politikari dagokionez. Ea zer ulertzen diozuen Romneyri hemen: «Obama berriro aukeratuz gero, Iranek bonba nuklearra izango du. Romney aukeratuz gero, Iranek ez du bonba nuklearrik izango». Gingrich urrunago iritsi da, zientzialari irandarrak hiltzea proposatzeraino. «AEBetako presidente bazina eta goizeko hiruretan telefonoz deituko balizute esateko...» moldeko galderen oso zaleak dira hemen. Goizaldean Israelgo Gobernuak jakinaraziko balio biharamunean Irani eraso egingo diotela, presidente izanik nola erreakzionatuko lukeen erantzun zuen Gingrichek: «'Zertan lagundu dezakegu?' galdetuko nieke».
Ez da broma. AEBetako hauteskunde kanpaina luzea mundu osoan egingo da. Atzerri politikan epela izatea egotzi diote behin eta berriro Obamari. Bigarren Mundu Gerraren aurreko urteetan Hitlerri indarrez aurre egin beharrean diplomaziaren bidez aurre egin nahi izan zioten Chamberlain eta abar zituen gogoan Romneyk, Obamari «baretzaile» deitu zioenean, appeaser. Erantzuna: «Galdetu Bin Ladeni ea baretzaile naizen». Trumpek ere badu zer esana honetan: ohartarazi du Obamak Iran bonbardatuko duela hauteskunde kanpainarako hala komeni zaiola kalkulatzen badu. «Galdetu Ahmadinejadi» erantzun ahal izateko.
Handik eta hemendik
Galdetu Ahmadinejadi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu