Uda beteko (p)lana

'Game'

garbine ubeda goikoetxea
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
John Wayneren ibilera duen tipo kalakari bat heldu zaio dagoeneko bazkalosteko nekea sentitzen hasia den bideo-joko saltzaileari. Eskuan Nintendo 3D-rako jolas bat dakarren arren, ezohiko bezeroa da, bere portaerak argi erakusten duenez: kontsolaren arabera sailkatutako nobedadeei erreparatu gabe egin du salmahairainoko bide zuzena, hamar eurotik beherakoen aukera zabalari ere, zeharkako begiratua behinik bota gabe. Konfiantzaz agurtu du, «Qué pasa tío»-ka, lagun zaharrak nola, atetik haranzko lurra zapaldu duen orduko. Saltzaileak ez du ezagutu, nahiz eta ederki gogoan hartzeko modukoa izan litekeela iradokitzen dion senak.

«Hik arrazoi motel!», hasi zaio berriketan, «jokoa oparitu aurretik, zein kontsolatarako den ikasi beharra zagok!», hiru tonu gorago, aurretik daukan gazteari txanda-pasa eginda. Azken pausoak oilaskoen antzera eman eta kutxa erregistratzailearen parean tinkatu da. Erosketa agiriarekin batera, paper-txatal zimur bat atera du patrikatik, zeina jolasa oparitan jasoko duenak berak idatzia dirudien. «PSP», dio letra larriz. Tronpatzea serioa litzateke oraingoan. Eta ez, inoiz ez dutela topo egin, hala balitz akordatuko zela, besteren batekin nahasi duela ebatzi du erakusmahaiaren bestaldekoak.

Eskuetan duen jolasak makinatxo horrentzako bertsiorik ez badu, moda-modako besteren bat eman diezaion proposatu dio bezero ezjakinak, gehixeago ordaindu behar izanda ere, berrienetakoa izan dadila, eta mutikoentzakoa, maskulinoa alegia, hamaika urteko zezenko odolbero batentzat delako; baina batez ere, dibertigarria izan beharko lukeela, ondo pasatzekoa, ze demontre, «zeren ba al dakik zer eskatu didan haren amak? Hori nazkagarria! Hori sugegorria!—beste bi tonu igota eta ukabila agerian—, ingelesa ikastekorik ere badela, eta horietakoren bat erosteko, hi! Jolasa ere izorratu egin behar atsoak!».

Saltzaileak, profesional onaren planta neutroa mantentzeko ahaleginetan, apaletara jo eta bistan ageri den maskulinoena ekarri dio agudo, Rambo iradokitzen duen soldadu hiper-armatuarena. «Tankera honetakoak oso estimatuak dituzu», esan dio keinu imintziorik txikienari ere ihes egiten utzi gabe, eta prezio berean emango liokeela ere argituko lioke, utziko balio. «Denak igualak dituk, motel! Aluak eta putakumeak dira denak, deeenak, den-den-denak!», jarraitzen du besteak, protestaren zenitera heltzen hasi izan balitz bezala... «Ezin bizitzen utzi!».

Kargadorea erabat hustu duenean, etorri bezala egin du martxa hanka zabalak, zanpantzarrak omenduz. Eta bitxia da. Bertan ginenak —kasualitatez, bi emakume— baimenik eskatu gabe espektakuluaren parte bihurtu bagaitu ere, isildu egin gara, gardendu eta dekoratuan funditu, planteatu zaigun probokazio-joko zoro horri erantzuteko, instrukzio-orria faltako balitzaigu bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.