Gambetta karrikari atarikoa egiten dion kafetegian gosaldu ostean, itzulera prestatzeari ekin dio frantsesez aski ongi moldatzen den turista pareak. Bihar abiatuta, agorrilaren hondarreko migrazio frenetikoari hartu nahi diote aurrea, errepideetan egun gutxi barru sortuko den porru-salda etsigarriari.
Ez da oporraldi luzea izan. Ez eta oparoa ere, normalki xahutu ohi den dirutzari bagagozkio behintzat. Baina gogoangarria izan da, aberasgarria, eguneroko errutinak lehertzen dituen asperdura eta nekea inoiz baino hobeto eten dituena. Beste panorama baten baitan sartzeak, bestalde, inguru ezezagunetako jendarte, etxe, kale, taberna, hotel nahiz jatetxeak ikuskatzeak, ehunka ideia inspiratu dizkie zaharberritzen ari diren apartamenturako. Izan ere, ez dago besteen berri ikastea bezalakorik. Bihar ordu txikitan abiatuta Frantzia osoa zeharkatzea helburu duen lagun parearentzat, oroigarri dendei pasada emateko eguna da gaurkoa, zorrotxoan gelditu diren sos apurrak bideratzekoa, senideei sorpresaren bat erosita, konpromisoa itzultzekoa, eta, hala ere dirurik sobratuko balitz, norberari gustua emango liokeen kapritxoa eskuratzekoa. Beharbada, Euskal Linge markako mahai-oihal eder hura, batek. Beharbada, kalearen amaiera aldera dagoen denda koloretsu eta ahoskaezin hartan — «u» bokalez jositako hitz luzea dela besterik ez zaio bururatzen— begiz jotako kamiseta lotsagabe hura, besteak.
Jada opariz aski hornituta, kamisetaren bila kalean behera doazela, eliza bazterreko oroigarri dendak harrapatu ditu sarean. Mila gauza bitxi, eta bazter hauetara heldu orduko atentzioa eman zien motiboa ikusi dute bertan, nonahi inprimatuta, zernahi apaintzen duela: txankletak, giltza-eraztunak, lanpasak, arropak, toallak, katiluak, kaierak, erosketarako zorro tolesgarriak, aterkiak… Atzealde gorriaren gainean ikoroski berdea eta horren gainetik gurutze zuria duen diseinu hori… Erakargarria egin zitzaien hasieratik, bereziki bietako bati, bizia baina halaber betegarri xamarra… Hori bera inprimatuta duen toalla etxerako hartzea pentsatuta, saltzaileari joan zaio interesatuki. Modu onean dagoela iruditu zaio. Erakusmahaian zabaldu dion orduko, diseinuaz egin dio galde, zer esan nahi ote duen, azentu arraroz. Hark, Euskal Herriaren adierazgarria dela esplikatu die mantso, Espainian eta Frantzian banatuta dagoen lurraldea sinbolizatzen duen ikurra dela, eta ikurrina esaten zaiola…
Etxera biderako egunaren bezperatan den turistak bisigu begiak jartzen dizkio, orain historia apur bat azaltzera ere animatu den saltzaileari. «Biziki interesgarria», eten dio halako batean, aski duela iritzita, «izango ote zenuke motibo hauxe bera beste tonu batzuetan? Kolore hauek ez diote sobera ongi ematen gure etxeko dekorazio berriari»…
Uda beteko (p)lana
Geurea da-eta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu