Gondolan ibil zaitezke Nevadan, basamortuaren erdian. Las Vegasera joan behar duzu horretarako, eta gehiegikeriaren monumentu handienetako batean, The Venecian kasino hotelean logela hartu. Italiako hiri magikoaren ustezko erreplika, kanal eta gondola eta guzti. Jabea Sheldon Adelson da, auskalo beste zenbat kasinoren jabea. Munduko pertsona aberatsenetakoa. Sionista porrokatua. Ez du palestinarrekin negoziaziorik nahi, ez du bi estatuen irtenbidea onartzen.
Newt Gingrichek duela zazpi urte idatzia, Middle East Quaterly aldizkarian: «Palestinar herriak lur eremu duina izateko eskubidea babestu beharko luke AEBetako Gobernuak». Artikulua luzea da: 21 aldiz aipatzen du «Palestinar herria», Palestinian people. Zazpi urte geroago, alderdi errepublikanoko barne lehiako kanpainan, hainbat aldiz esan du Palestinako herria ez dela existitzen, asmakeria hutsa dela. Mundu guztiak dauka iritzia moldatzeko eta aldatzeko eskubidea. Bere arrazoiak izango ditu.
Bestalde: Sheldon Adelsonek bost milioi dolarreko donazioa egin dio Gingrichen aldeko kanpainari, SuperPAC esaten dioten talde «independente» horietako baten bidez. Adelsonen emazte israeldarrak beste bost milioi eman ditu, eta bien alabak milioi erdi bat. Praktikan, Adelson familia ari da Gingrichen kanpainari eta hautagaitzari eusten.
2010eko epai baten ondorioz, mugarik gabeko donazioak jaso ditzakete SuperPACek (PAC: Political Action Committee, Ekintza Politikorako Batzordea). Legez, ezin dute hautagaiekin kanpaina koordinatu, baina milioi parrastada bat xahu dezakete nahi dutenaren alde edo kontra. Hautagaiek beraiek, zuzenean, askoz diru gutxiago bil dezakete kanpaina egiteko, donazioen tamaina mugatua baitute. Ondorioa: esaidazu zer SuperPAC daukazun, eta esango dizut zer aukera duzun. SuperPAC handiena, diru gehiena bildu duena, jakina, Mitt Romney sostengatzen ari da.
Barack Obama SuperPACen esku hartzearen aurka egon da orain arte: 2010eko epaia «demokraziarentzat mehatxua» zela esan zuen, «Amerikako interes boteretsuenei» hauteskunde jokoan erabakimen handia ematen zielako. Aste honetako berria: Obamak onartu egin du bere aldeko SuperPACak mugarik gabeko donazioak jasotzea. «Ez gara borrokatuko besoetako bat bizkarrean lotuta daukagula», argudiatu du Obamaren kanpaina buruak.
Frantziara aspaldi iritsi zen primarioen eredu amerikarra, alderdi sozialistaren eskutik. Espainian, berriz, ez da harritzekoa PSOEk errepikatzeko presarik ez izatea, Joaquin Almuniaren eta Josep Borrellen artekoak zer emaitza ekarri zizkion ikusita: Borrellekin primarioak galdu ondoren, Almuniak hautagai izan behar izan zuen Borrell irabazleak bozak baino lehen atzera egin zuelako, eta azkenean, nola ez, porrot galanta hauteskundeetan.
Badu bere alde ona primarioen sistema horrek. Gardentasuna hautagaien aukeraketan, eta erabakimen zuzena militanteei (eta jarraitzaile hutsei, batzuetan). Imajinatzen EAJren hurrengo lehendakarigaia primario irekietan erabakitzea? Edo, Sortu, Bildu eta Amaiurreko alkategaiak AEBetan bezala primarioetan aurkeztea? Bere grazia izango luke. Baina prezioa garestia da: luzera, alderdia programa propiorik gabeko egitura huts bihurtzen da, egitasmo ezberdinak dituzten hautagaien arteko lehiarako eremu. Boto-emaileak —alderdikide eta jarraitzaile— eta eliteak, ez dago besterik. Eta SuperPACek «dena libre» dutenetik: boto-emaileak, eliteak... eta show-a ordaintzen duten produktoreak —ondo portatzen bazara, basamortuaren erdian gondolan ibiltzen uzten dizutenak—.
Handik eta hemendik
Gondolak basamortuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu