Guardia Zibilak atxilotutako ETAko ustezko kideetako bat, Daniel Pastor, bi aldiz ospitalera eraman dutela irakurtzen ari naiz, ostiralez, lerro hauek idatzi bitartean. Bere burua lesionatu duela diote hainbat hedabidek: «Iturri judizialen arabera», zehaztu du baten batek, baina horrenbeharrik ez dute izan askok; Cadena Ser eta El Pais-ek, adibidez.
El Pais-ek eta beste hainbat egunkarik, bezperan, jakinarazi dute atxilotuetako beste batek, Iñigo Zapirainek, galdezka dituen guardia zibilei aitortu diela bera kide izan den komandoak 16 atentatu egin dituela, bi hilketa barne. Espainiako Konstituzioak eta Judiziamendu Kriminaleko Legeak galdeketatan isilik egoteko eskubidea aitortzen diete atxilotu guztiei, baina Zapirainek nahiago izan du berari eta bere kideei urte askotako kartzelaldia ekarriko dien aitorpena egin. Atxilotuak inkomunikatuta daude, euren abokatuek ez dute haiekin egoteko aukerarik izan, epailearen aurrean oraindik ez dute deklaratu ere egin, baina hedabideek dagoeneko badakite zer aitortu duten eta zer ez.
Zapirainek guardia zibilei egindako aitorpenen artean dago, nonbait, ETAk su-etena iragarri baino aste pare bat lehenago jaso zutela ekintza oro eteteko agindua. Hori ere, beste guztia bezala, informazio egiaztatua balitz bezala argitaratu dute. Baina horren berri ematen ari zaigun egun berean, El Pais-ek editorialean iradokitzen du atentatuak edozein unetan egiteko prest zegoela komandoa: «Erabiltzeko prest zeuden lehergailuekin atxilotu duten komandoa...». Beste egunkari batzuk ez dira iradokitzera mugatu. Abc: «200 kilo lehergailu zituen [komandoak], su-eten tranparen erdian une batetik bestera atentatua egiteko»; El Mundo: «Sortuk uko egin dio hiltzeko prest zeuden etakideak arbuiatzeari»; La Razon: «Su-eteneko ETAk aktibo ditu Euskal Herriko komando guztiak». Asteazkeneko azaletatik hartuak dira guztiak.
Eta isilik dagoela leporatzen diote Sorturi. Aitorpenak egiteko behar harrigarria eta norbere burua zauritzeko desio larria eragiten duen Guardia Zibila zoriontzeko eskatzen ari zaizkio alderdi berriari. Ez du egingo, noski. Baina egingo balu, bere erara zerbait esango balu, ez litzateke nahikoa izango,Estatuaren Abokatuak aurkeztu berri duen idatziak nabarmen uzten duenez. Sortu-k ETAren indarkeria arbuiatzeko erabiltzen dituen hitzak erabiltzen dituela, «kosmetikoa, erretorikoa eta instrumentala» izango da. Azken batean, Zapateroren lege ordezkariarenarabera, ETAren aginduz arbuiatu du ETAren indarkeria Sortuk.
Kontuz, frogak dituzte eta. EHUko Informatika Fakultateko irakasle batzuek kontu bat dute, eta tarteka dirua sartzen dute bertan, senide presoak dituztenez asteburuetan bidaia luzeak eta garestiak egiten dituzten bi lankideri gastuak ordaintzen laguntzeko; 18/98 auzian zigortutakoak dira bi presoak. Xabier Artola iraskaslearen izenean dago kontua; Sorturen sustatzaileetakoa da Artola. Horixe da dena. Baina El Pais-ek ostiraleko editorialera eraman du gaia, «[ETA] bandaren diru kontuekin Sortu-k ustez duen harremanari buruzko aurkikuntza berriek»ezker abertzaleari sinesgarritasuna kentzen diotela argudiatzeko.
Broma bat ematen du Estatuaren Abokatuaren idatziak, eta bromaren jarraipena, hedabide indartsuenak egiten ari diren lana. Estatuaren Abokatuaren lanak badu bere alde ona: helduleku horiekin, Auzitegi Gorenak ezingo luke —eta, agian, ezingo du— Sortu legez kanpo utzi. Baina hedabideen eta iritzi-sortzaileen lanak ez du ondorio onik; Publico egunkariaren inkestaren emaitzak, horren seinale: espainiarren %61 Sortu legeztatzearen aurka omen daude. Horra, helduleku juridikoen faltan, Auzitegi Goreneko magistratuek zeri heldu diezaioketen.
Handik eta hemendik
Gorenaren heldulekuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu