Imanol Murua Uria.
Handik eta hemendik

Guardiolaren ekipoa

2012ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Epelak entzun zituen Urkulluk, behin batean Errusiako futbol selekzioaren alde zegoela esatera ausartu zelako. Ondo dakigu Espainiak irabazten duenean Espainiako munduko hiritar unibertsalek nolako errespetua dieten bandera hori-gorria haizatzen ez dutenei. Zuhurrago jokatu du oraingoan EBBko lehendakariak, «onenak irabaz dezala» esanez alferrikako saltsatan ez sartzen saiatu baita, baina Antonio Basagoitik goi mailako politikako beste lezio batekin erantzun dio: «Espainiak irabazteagatik pozten ez den batek ezin du herri honetako lehendakari izan».

Jose Antonio Pastor PSE-EE alderdi ez-nazionalistako buruak ere munduko hiritar unibertsal agertu du bere burua, Eurokopako finalerdiaren ondoren Espainia irabazlearen alde ez zirenei «konplexudun» esan dienean. Ederra datorkigu gaur ere, Balotellik eta konpainiak erremediorik jartzen ez badiote.

Batzuei kosta egiten zaie ulertzea, baina izan daiteke futbolzale eta ez espainiarzale. Galdetu, bestela, Pep Guardiolari, Bartzelonako entrenatzaile ohia ez ezik Espainiako selekzioko jokalari ohia ere badenari.

Ez, ez du esan Italiaren alde dagoenik. Gehiegi litzateke. Baina Kataluniaren independentziaren aldeko martxari sostengua adierazi dio: atzo larunbatez zen abiatzekoa ibilialdia Lleidatik, eta ostiralean eman zuen Guardiolaren sostenguaren berri Kataluniako Asanblea Nazionalak. Ostiral iluntzean, artean, ez zioten egurrik eman, albisteak hedabide espainiarretan bere lekutxoa hartua zuen arren.

Egun berean, ERCko katalanekin elkarlanean, autodeterminazio eskubidea arautzeko lege proiektua lantzekoegitasmoa aurkeztu zuten Amaiurko diputatuek Espainiako Kongresuan. Amaiurko zazpi eta ERCk hiru, hamar besterik ez dira 350 ordezkariko ganberan; baina ahotsa altxatzeko eta lanean hasteko lain badira behintzat.

Antipoda politikoetan topatu dute Amaiurko diputatuek ekimenaren berri emateko inspirazioa: BERRIAn herenegun argitaratutako iritzi artikuluarentzako titulua —'Egoera historiko honen larritasunaren aurrean...'—Cuadernos de Pensamiento Politico aldizkaritik hartu dute Xabier Mikel Errekondok eta. Aldizkaria FAES Analisi eta Ikerketa Sozialerako Fundazioak argitaratzen du, eta fundazio horretako presidentea Jose Maria Aznar da. Baina 37 orrialdeko artikulu luzea, zer egingo diogu, mamitsua eta interesgarria da. Gaia, Eskoziako erreferenduma. Egilea, Alberto Dorrego de Carlos, abokatua, Espainiako Gorteetako letratua, Espainiaren batasunarekin oso kezkatua. Argudioa: Eskozian erreferenduma egin egingo dute, Erresuma Batuko Gobernuak agindu du errespetatu egingo duela eskoziarren gehiagoren nahia, horrek Europako Batasuneko beste hainbat estatutan, Espainian besteak beste, eragin handia eta larria izan dezake, eta, ondorioz, Espainiak eta Europako gainerako «estatu handiek» estrategia zehatza prestatu eta garatu behar dute britainiarren eredu arriskutsuari kontrapisua jartzeko.

Ez dago, zorionez, FAESeko harpidedun izan beharrik artikulu interesgarriak irakurtzeko. Chicago Tribune egunkariak Espainiako eta Euskal Herriko ekonomien arteko konparazioa egin zuen ostegunean. Titulua: 'Basque economy has lessons for Spain'. Alegia, euskal ekonomiak Espainiari zer irakatsia badio. Mondragon korporazioa, Gamesa, CAF, BBVA eta abarren merituak nabarmentzen ditu artikuluak, baina, hara bitxikeria esanguratsua, informazioa hornitzeko argazkian Amaiurko diputatuak eta senatariak ageri dira Gernikako Arbolaren aurrean. Artikulu osoan Amaiur ez dute ezertarako aipatzen, baina bai, ordea, «euskal herritarren» %56k autodeterminazio eskubideari buruzko erreferenduma nahi dutela, CISen inkesta baten arabera.

Chicagon ere usaindu dute zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.