2001eko uztailaren 14a. «Bahator Jaurlaritzara?». Sabin Intxaurraga zen telefonoaren beste aldean. Harrituta geratu nintzen, jakina. Orduan larregi ezagutzen ez nuen Sabinengandik ustekabean halako itauna entzuteak harrituta utzi ninduen. «Sabin, pentsatu egin beharko dut. Dena dela, zertara?». «Lasai egon hadi. Azalduko joat bertan. Ez dok beste mundukoa. Geuri lagundu. Herriaren alde behar egin. Beste ezer be ez».
2001eko uztailaren 23a. Jaurlaritzan Hezkuntza Sailerako taldea izango ginena elkartuta Argomanizen. Beteranoak eta berriak. Sabin buru, Sabin lagun. «Lau berbatan azalduko dizuet zelan nahi nukeen talde honek lan egitea. Zeanurin bazegoen zerrategi baten jabe zen Bernaola izeneko bat. Bertokorik ez, eta andaluziarrak hartu behar izan zituen sasoi batean zerrategian lan egiteko. '¿Sabeis cómo se trabaja con esto?' eskuan zerra luzea zuela eta aurrean enbor ederra. 'Primero, despacio, hasta que se haga el tarte; y, luego, a toda ostia!!!'». Berehala ulertu genuen zer esan nahi zigun. Hain zuzen ere, nahiago zuela, behin aztertu ostean, gauzak hala edo hola egitea, ezer egin barik geratzea baino.
2003ko otsaila. Prestige itsasontzi madarikatuaren auzi korapilatsuari ahal izan genuen moduan aurre egin eta gero, manifestaziora deitua zuen Nunca Mais-ek Madrilen, Espainiako Gobernuaren utzikeria eta gezurrak salatzeko. «Josu, zer ein biar juauk? Jun ein bierko gozak, ezta, naitxe edozer pasau leiskigun? Prepareu ikurriñe». Esan eta egin. Han joan ginen Zapatero, Llamazares, Bardem, Boris Izagirre eta milaka kalteturekin Madrilgo kaleetan, gure ikurrin txiki eta bakarra goian genuela: edozer entzun genuen, baina berdin zitzaigun.
Horrelakoa da Sabin. Halakoa zen Sabin —zein gaitza den lehenaldian haren kontura berba egitea—. Gauzak erraz ikusten zituena. Ezerk beldurtzen ez zuena. Eskarmentu handikoa. Gorbeiako haize apur bat arnastuz gero, edozeri aurre egiteko kemena zuena. Arratiakoa. Euskaltzalea. Abertzalea.
Zeuk erakutsi zenigun moduan, Bernaola haren teoriari jarraituko diogu, Sabin, euskara salbu eta Euskal Herria bere buruaren jabe ikusi arte.
Egongo gara, Sabin.
Josu Erkiaga. Lekeitio.
Haize hotza datorkigu Gorbeiatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu