Goiatz Labandibar.
MELE

Haurtzaroa

2022ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Gero eta goizago bukatzen omen da haurtzaroa. Hala diote ikertzaileek. Hamar urterekin, aurrenerabezaroa hasten omen da. Hamar urtetxorekin. Haur askok nahi izaten dute azkar handitu, haurren gauzak egiteari utzi eta helduenak egingo dituztelakoan. Beti besteena hobea izaten baita. Eta handiena... zer esanik ez. Baina haurtzaroa ez da bukatzen hamar urte betetzen direneko urtebetetze festan, egun batetik bestera, magia hutsez ezta hilekoa jaistean ere (zenbatetan esaten ote zaien neskei lehenengoz hilekoa izatean «orain emakume zara»; odol arrasto batek markatuko balu bezala haurtzaroaren eta helduaroaren arteko muga lauso hori).

Zientziak eta ikertzaileek diotenetik haratago, haurtzaroa bukatzen da izan zinen ume harekin lotzen zaituzten pertsona horiek desagertzen direnean. Betirako. Dakizunean ez dizutela berriz prestatuko txokolate zoparik; ez duzula berriz jantziko hark jositako galtzerdirik; ez zarela sartuko gehiago zure bigarren etxea izan zen hartara; hango usainik ez duzula berriz sumatuko; ez diozula oporren aurretik bisita egingo egun batzuk kanpora zoazela esateko eta bueltakoan itzuli zarela esan; ezingo diozunean galdetu baratzeko kontu gehiago; sukaldeko kontu-kontaketak bukatu direnean; dakizunean ez zarela gehiago inoren begietako kuttuna izango inkondizionalki... Bat-batean, heriotza heltzen den, auskalo noren begiekin, esperota edo ezustean, eta akabo: egun batetik bestera, haurtzaroa iragan urrun bihurtzen da. Zuk aukeratu gabe, erabaki gabe. Eta ezin diozu esan bizitzari: «Ei, aizu, itzulidazu nire haurtzaroa! Ez dut bukatzerik nahi!».

Nire haurtzaroa pasa den uztail honetan bukatu da. Eta oraindik, heldu izaten ohitzen ari naiz...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.