Angela Merkelen gobernuak adi begiratu dio Kataluniako prozesuari, Espainiaren estatu arazo denetik eta Europako Batasunekoa gerta litekeela ikusi duenetik, baina orain Alemanian lehertu zaio auzia, eta «Espainiaren etxeko afera» bere etxeko egin zaio. EBko buruzagiak ez du orain arte bitartekaritzarako asmorik agertu, eta ez dirudi jarrera aldatuko duenik, Mariano Rajoy aliatua baita, eta independentzia mugimenduak, Europaren kohesiorako mehatxu. Oraingoz, betiko zuhurtziaz erantzun dute, eta, auzi politikotik bereizi, Puigdemonten estradizioa Alemanian auzitegi federal batek konpondu beharrekoa dela esanda.
Alemaniako komunikabideetan diharduten aditu juristei, berriz, gutxienez zalantzazkoa iruditzen zaie Espainiak matxinadatzat daukanaren pareko traizioa leporatzea, eta, estraditatzekotan, dirua bidegabeki erabiltzeagatik litzatekeela modua, ez baitute indarkeria zantzurik ikusten. Instrukzio epaileak ere iradoki du gerta litekeela ez estraditatzea.
Puigdemontek Neumunsterko espetxetik egindako hitzak jaso zituzten atzo Alemaniako komunikabideek. Sendo dagoela esan du, eta ez duela amore emateko asmorik. Haren hitzen oihartzuna ikusita, eta Bruselan lortutako bozgorailuaren ostean, esan liteke auzia Europako bihotzetik biriketara eraman duela, eta Berlingo jokaleku politikora hauspotu duela Katalunia.
HIZPIDEAK
Alemania, adi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu