Sekula ez bezala ikasi ditu herritarrak txertoen izenak: Pfizer-BioNTech, Moderna, Oxford-AstraZeneca, Sputnik-V... Hilabeteetan gertutik jarraitu da txertoen garapena: gertutik eta itxaropenez, batzuek; gertutik eta uzkurkeriaz, besteek. Baina, jada hasiak dira txertoa jartzen; Hego Euskal Herrian abenduaren 27an hasi ziren, eta atzo Ipar Euskal Herrian.
Sekula ez bezala ezagutu du herritarrak txertoaren garapena nola joan den, unean-unean kontatu zaio bakoitzak zenbat aurreratzen zuen, eta noiz zegoen akatsen bat garapen horretan. Marketing kanpaina erraldoi bihurtu da laborategi/marka bakoitzak egindako edozein aurrerapauso.
Sekula ez bezala, munduan txertatutako lehen pertsona zein izan zen ikusi da telebistan, baita herrialde bakoitzean txertatu duten lehen pertsonaren izen-abizenak jakin eta haren hitzak entzun ere; agintari politikoak ere agertu dira mundu osoko telebistetan txertoa jartzen, pozik, herritarrei konfiantza eta itxaropen mezua helarazi nahian.
Askorentzako itxaropena adierazten dute txertoa hartzen agertzen diren pertsona horien guztien argazkiek. Baina, jendeak jakin nahi du noiz izango den bere txanda, nola joango den txertaketa kanpaina, eta horretan, beste askotan bezala, argitasuna ez da behar bestekoa izaten ari. Hainbeste fokupean egin den prozesu azkar honetan argi-ilunak ageri dira orain, txertaketa planak jakiteko unean.
HIZPIDEAK
Argitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu