ETAren dozenaka atentatu argitu gabe daudela-eta, horiek ikertzeko eta argitzeko beharra nabarmentzen dute biktimen elkarteek. Eta inor hil diotenak gogo hori izatea normala da; garrantzitsua da zure hurkoari gertatutakoa argitzea, orrialdea pasatzen laguntzeko. Halako galdeak Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku erortzen direnean, baina, zirrikitu arriskutsuak irekitzen dira.
Auzitegi Nazionala independentea izan beharko lukeen justizia eredu baten antipodetan dagoela gauza jakina zen, eta berretsi egin du hori Manuel Garcia Castellon epaileak. Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrenean, justu PPren omenaldiaren egun berean, iragarri zuen ETAko hiru buruzagi ohi deituko zituela deklaratzera —hilaren 21ean deklaratu beharko dute—. Baina ez die egile edo arduradun izatea egozten, bahiketan eta hilketan «omisioz» parte hartzea baizik.
Aurrekari arriskutsua da. Batetik, jada ETAko buruzagi izateagatik zigorra bete duten pertsonen aurka hainbat sumario irekitzeko bidea ematen duelako; omisioa egotzita, buruzagi ziren garaian eginiko atentatu guztiengatik auzipetuak izan daitezkeelako. Bestetik, epaitu gabeko atentatuak argitzearen aitzakian, jada epaituak daudenak ere aktibatu daitezkeelako berriro. Blancoren hilketa jada epaitua baitago, aspaldi, Auzitegi Nazionalean bertan.
HIZPIDEAK
Aurrekari arriskutsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu