jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Borroka isila

2019ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Amiantoak eragindako gaixotasunen eraginez, 35 lagun hil ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zenbatutakoak dira 35. Askoz ere gehiago izan daitezke, Asviamiek ohartarazi duenez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako amiantoaren biktimen elkartea da Asviamie. Hego Euskal Herrian 12.000 lagun daude amiantoarekin lan egin duten langileen erregistroan.

Desoreka nabarmena dago amiantoaren kalteen eta kalte horiek duten eraginaren eta oihartzunaren artean. Eragina eta oihartzuna Administrazioan, epaitegietan, gizartean eta komunikabideetan.

Amiantoak kalte egindakoak eta amiantoak hildakoen senideak bakarrik borroka egitera kondenatu dituzte. Biktimen elkarteen eta sindikatuen laguntza baino ez dute auzitegietako bide luze eta korapilatsua egiteko.

Heriotza isilak eragiten ditu amiantoak. Isiltasuna komeni zaie amiantoa ekoizten, zabaltzen, arautzen, erabiltzen eta kalteak kudeatzen aritu direnei. Izan ere, amiantoaren kalteak ezagunak ziren XX. mendearen lehen erdian; baina enpresek amiantoa ekoizten, erosten eta erabiltzen jarraitu zuten, eta administrazioek amiantoaren erabilera baimentzen.

Amiantoaren kalteak ezkutatzen aritu dira, guztiak. Langileak babesik gabe uzten, gaixotu aurretik eta gaixotu ondoren. Eskandalua behar luke. Borroka isila baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.