HIZPIDEAK
Denon ahotan
Euskararen Eguna ospatu zuten atzo instituzioek eta hainbat herritarrek. Beste behin, egun batez denon ahotan izan da euskara, baita ahora eramatekoahaleginik egiten ez duten horienetan ere, ez bada ekitaldi ofizialetan. Ahoa ireki orduko, sinesgarritasunak ihes egin die. Patxi Lopez EAEko lehendakariak ez du mezu berririk ekarri: «Askatasunean eta borondatean» oinarritu behar da euskararen garapena. Baina hau zehaztu du, lasaitu gaitezen: «Ez ditut euskal hiztunak baztertuko». Eskertzekoa. Ordu berean, Joan Mari Torrealdaik Bizkaiko Diputazioaren Lauaxeta saria jaso du, eta gogora ekarri du euskara «gutxietsia eta erasoa» erakusteagatik eraman zutela atxilo.
Euskal kultura ere askoren ahotan izango da asteazkenera bitartean. Durangoko Azoka gaur irekiko dute, diru krisiak gogor astindutako ekitaldiari aurre egiteko. Bost egunez euskal kultura egoera normalizatuan dagoen itxura eskainiko du azokak, baina hori besterik ez da izango, itxura. Errealitateak askatasuna eta borondatea baino gehiago eskatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu