Aurrerapauso gisa definitu dute hezkuntza publikoko sindikatuek atzo Eusko Jaurlaritzak proposatu ziena. Besteak beste, Lehen Hezkuntzan, Haur Hezkuntzan bezala, lehen egunetik ordezkatzea falta diren langileak. Lan deialdiei buruz ere egin zuen proposamenik gobernuak: 5.000 lanpostu eskaintzea —orain arte, 3.000 posturen eskaintza zeukan egina—.
Dena dela, sindikatuek eutsi egiten diete iragarritako protestei. Orotara, bost greba egun. Izan ere, lan deialdiarenak ez ditu erabat gogobete, eta ordezkoen proposamena Bigarren Hezkuntzan ere nahiko lukete. Gainera, ratioez, gaixoaldiez, soldatez eta beste gai batzuez ez dute eztabaidatu oraindik. Bizpahiru aste barru beste bilera batera deituko duela iragarri du Jaurlaritzak.
Gobernuak egin duen urratsa sindikatuek nahiko luketen baino txikiagoa izan arren, aspaldiko partez gauza berriak esan dituzte hezkuntza publikoaren auziak konpontzeko ardura dutenek. Eta oraingoz sindikatuek protestei eusten dieten arren, ez dirudi iragarri zuten bezain beroa izango denik aurtengo ikasturte hasiera. Hala hobe. Haurrekin eta haurrentzat lan egiten duen sektoreak behar baitu lasaitasun giro bat. Horrelako egoera batean eratu ahalko da kalitatezko hezkuntza publiko osasuntsu bat.
HIZPIDEAK
Doinu berriak hezkuntza publikoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu