Pernando Amezketarrari ardiak bahitu zizkioten, Orendaingo lurretara igaro zirela eta. 1990eko hamarkadan ETBk eman zituen marrazki bizidunetako bertsioaren arabera, Pernando ordainetan arkume bat ebasten saiatu zen sare baten artetik tiraka, baina ez zuen lortu animalia ateratzea, eta esku hutsik bueltatu zen. Apaizaren akusazioen aitzinean, Pernando defendatu zen erranez «nahi bai», baina ez zuela ebasketa bururatu. «Lapurreta egin nahi izatea aski duk bekatua egiteko», erantzun zion, ordea, apaizak, eta bortz errealeko isuna paratu zion, bekatua barkatzearen truke. Alegia, ebatsi nahi izatea eta ebastea, gauza bera direla.
Bueltatu zen Pernando apaizarenera,eta konfesatokian sartuta, bortz errealeko txanpona luzatu zion. Ez zen kabitzen, ordea, apaizaren eta Pernandoren tokiak bereizten zituen sarearen zulotxoen artetik. «Apaiz jauna», azaldu zion Pernandok, «lapurreta egin nahi izatea aski baldin bada bekatu egiteko, ordaindu nahi izateak aski izan behar du penitentzia egiteko». Eta txanpona sakelan sartu eta martxa egin zuen.
Ematen du aldaketa promes egiten duten indar aurrerakoiek Pernandok bezain ongi ikasi dutela Amezketako apaizaren irakaspena. Espainian eta Nafarroa Garaian, kasurako: Mozal legea kendu, lan erreforma baliogabetu, argindarraren prezioaren gehiegikeriak moztu, euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak bukatu... egin nahi dela erratea egitearen pare geldituko da martxa honetan.
HIZPIDEAK
Egitea eta egin nahi izatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu