Noizbait heldu beharko dio sendo gure gizarteak —herritarrek eta berauek aukeratuko herri erakundeek— energiaren auziari. Ez da berria eztabaida, baina asko daude oso interesatuta ezbaia mugarik gabe luza dadin, bitartean betikoek —iraganean nahi adina kutsatu eta orain berdez mozorrotzen direnek— dirua pilatzen segi dezaten.
Gas bonbona Hego Euskal Herrian ia %5 garestituko dela iragarri ziguten atzo; hain zuzen, egoera ekonomiko justuan dauden familia unitateek erabiltzen duten energia eredua. Argindarra etengabe doa goraka hilabeteotan, garraioan erabiltzen diren erregaiak bezalaxe. Odoluste horri bukaera eman behar zaio ausardiaz eta sendotasunez; hauteskundeetara aurkezten ez diren energia enpresen interesak lehenesteari utziz.
Ez da ezer asmatu behar, aspaldi asmatu zuten eredua, ezeren gainetik herritarren interesak jarri zituzten joan den mende hasierako agintariek: energia sortu eta komertzializatzeko enpresa publikoak. Adibide asko eduki ditugu gure herrian: indar elektrikoa sortzen zuten ur-jauzi publikoak, gasaren udal konpainiak... Betikoen mesedetan egindako pribatizazioak birpublifikatzea izan liteke lehen urrats sinbolikoa, etorriko diren sendoagoen aitzindari.
HIZPIDEAK
Energia enpresen nolakotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu