jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Erantzukizuna

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
PPk Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta bere gobernukideei erakutsi dizkie erakundeak berak aginduta tortura kasuei buruz egin duten txostenak dituen inplikazioak. Ikerketa egiazkotzat jotzen baldin bada, ondorioak izan behar dituela. Alfonso Alonso EAEko PPren presidenteak zera galdetu zion atzo Urkulluri, Eusko Legebiltzarrean: «Imajinatzen duzu munduko edozein parlamentutan gobernuak txosten bat bidaltzen duela esanez gobernu horren mende dagoen Poliziak parte hartu duela 300 tortura kasutan baino gehiagotan? Kasu bakanak izan beharrean, maiz egin zela, praktikan sistematikoa izan zela? Zer uste duzu egingo lukeela parlamentu horrek? Zer egin behar luke gobernu horrek? Ez duzu uste erantzukizunak argitu beharko lituzkeela?».

Alonsok, jakina, ez du argitu nahi Ertzaintzaren erantzukizunik: «Nola onartuko dugu hori?». Txostena gezurtatzeko eskatu dio Urkulluri. Lehendakariak ez du halakorik egin. Txostenaren egiazkotasuna eta zorroztasuna onartu ditu, baina ez hori onartzeak izan behar lituzkeen ondorioak. Urkullurentzat, Ertzaintzaren torturen prebentzioa da txostenaren ondorio nagusia, ez ertzainek torturatu zutela jasotzea. «Ertzaintzak eta Jaurlaritzak giza eskubideen nazioarteko erakundeek aholkatzen dutena egin dute», Urkulluren arabera. Erakunde horiek, ordea, kasuak eta erantzukizunak argitzeko ere eskatzen dute, Urkulluk dakien gisan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.