Badu zerbait futbolak, badute zerbait futbol taldeek, ezkerrekoak eta eskuinekoak, aberatsak eta langileak bateratzen eta berdintzen dituena; norberaren ertzak kamusten dituena eta estadioan bildutako guztiak kide eta zerbaiten parte bihurtzen dituena; eta norberaren taldearekiko maitasunaren eta leialtasunaren izenean gehiegikeriak eta bidegabekeriak zuritzen dituena.
Horregatik da deigarria Anoeta estadio berritua ireki duten astean —lanak bukatu gabe daude—, estadioa berritzen ari diren langileen lan baldintza izugarriak nahita ahaztea, bai agintariek, bai taldearen arduradunek, bai zale gehienek, baita ia komunikabide guztiek ere. Ez da berria. Esklabotzatik gertuko lan baldintzekin eta isiltasun konplizearekin edertu dute Gipuzkoako goi mailako kirolaren sinboloaren etxe berria hilabeteotan. Isilik egon dira bestelako gehiegikeriak edo bidegabekeriak ozen eta publikoki salatu ohi dituztenak. Isilik egon dira, egunotako adibide bat jartzearren, Haizearen orrazian pintaketa batzuk agertu direlako asaldatu direnak.
«Ederra geratu da», «bazen garaia» eta «merezi genuen», kolektibo batzuekin ahaztu eta ezkutatu dituzte ahaztu eta ezkutatu beharrekoak. Baloia jokoan da, zaleak zelaitik eta jokalariengandik gertuago daude, eta horixe da gehienei axola dien bakarra.
HIZPIDEAK
Estadio berritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu