Euskara ez da beharrezkoa, ez bada erabiliko osasun zentroan, dendan, plazan, lagunarte heldu nahiz nerabeetan, eskolan, etxean, youtuberren artean, Netflixen, administrazioetan. Gazteak jartzen dira jopuntuan, baina helduek ez dute beharrezkotzat jotzen datozen belaunaldiei transmititzen ez badiete, bistaratzen ez badiete zein garrantzitsua den gauza handi nahiz txikietarako erabiltzea. Balio garrantzitsua dela erakusten ez bazaie. Bizitzaren parte egiten ez badute.
Euskarak azken hamarkadotan izan dituen aurrerapausoak aipatu izan dira ikusi nahi ez den galtzeko arriskuaren gainetik, baina gauza batzuek ez dute funtzionatu uste bezala. Ezagutza ez dago erabilerarekin parekatuta, eta, beraz, normaltasunez berrikusi behar da zergatia, eta aldatu aldatu beharrekoa.
Bistan denez, arrazoiak sobran daude euskara erabiltzeko, ez baita hizkuntza bat soilik, mundua ikusteko eta pentsatzeko modu eder bat baizik. Behar-beharrezkoa gure mundu ikuskera eraikiz joateko. Krisi sistemikoak eta aldaketa garaiak momentu aproposak izaten dira erronka handiak proposatzeko, eta euskararentzat ere hala izan daiteke. Euskarak erronka globalei erantzun propioak eta komunitarioak emateko balio erantsia izan dezakeela sinisten ez bada, oso zaila izango da euskara beharrezkoa izatea.