Sortu da ezker abertzalearen alderdi berria: estrategia politiko-militarra atzean utzi, borroka molde horrekin hautsi, eta gizarte eraldaketarako indarrak biltzea helburu duen antolakundea. Ikusmiran, estatua sortzea dauka. Sorturen estatutuek Alderdien Legearen kotoia ez zikintzea dute helburu, eta langa goitik, oso goitik iragan duten ustea zabaltzen ari da. Hala ere, urratsa ez dela nahikoa entzun beharko dute, auzitegiek zer erabaki zain. Euskaldunako ekitaldian ezer berririk ez zutela ikusi esaten ari diren bezala, batzuk, hutsari kolpeka, nahiz eta astelehenetik ezer ez den berdin.
Legez kanporatzea zail jarri dutela begi bistakoa da. Eta Sortu legez kanporatu edo legeztatu, auzi juridikoa baino gehiago politikoa dela, borondatearen araberakoa, hori ere argi dago. Epaitegian erabaki arren.
Indarkeria oro, ETArena barne, behin betiko eta erabat desagertzeko borondatea erakutsi duen alderdi bat maiatzaren 22ko hauteskundeetan izateak arnasa berria ekarriko du. Aukera hori galaraztea hutsari kolpeka aritzea da.
Hizpideak
Hutsari kolpeka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu