Kultura sustatzeko bi modu, bateragarriak baina oinarrian ezberdinak. Batean sorkuntza da izateko arrazoi eta helburu, bestean kontsumoa. Batean kopuruak ez dira nabarmengarri; bestean datuek, zenbakiek justifikatzen dute ekimenaren arrakasta. Edo horrela saltzen digute. Bata Korrika Kulturala da, bestea Kultura Bonua. Apirila arte zenbait antzezlanen estreinaldiak, kontzertuak eta sorkuntza lehiaketak eskainiko ditu Korrika Kulturalak. Euskarazko antzerkiaren programazioak nabarmen behera egin duen garai honetan, azpimarragarria da hura bultzatzeko Korrika Kulturalak egindako apustua.
Kultura Bonuari esker herritarrek 1,5 milioi euro gastatu dute oso egun gutxitan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azaldu duenez. Salgai jarritako 59.000 bonuak zein azkar saldu diren nabarmendu dute; aldiz, ezer gutxi esan digute kontsumitutakoari buruz, nongo eta nolako kultura bultzatzen ari den. Baina ez litzateke, ez lukete ahantzi behar kontsumitzen dugun horrek egiten gaituela.
Hizpideak
Korrika eta presaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu