Frantziako presidentetza hartu eta gutxira erakutsi zuen Emmanuel Macronek interesa Libanorekin. 2017an, Siriako gerraren urte gordinetako batean, Saad Hariri Libanoko lehen ministroari agindu zion errefuxiatuen inguruko konferentzia bat antolatuko zuela. Libanok milioitik goiti errefuxiatu hartu zituen ondoko herrialdetik; hau da, sei biztanletik bat zen Siriako errefuxiatua.
2018an Libanori buruzko konferentzia bat antolatu zuen Macronek Parisen, eta milioiak eta milioiak agindu zizkioten Munduko Bankuak, Berreraikuntza eta Garapenerako Europako Bankuak, Saudi Arabiak eta Frantziak berak, bertzeak bertze. «Erreformak» egiteko zen diru hori, jakinik halako emaileek ez dutela karitatez jokatzen.
Beiruteko leherketaren ondotik, Libanoko Estatuaren funtzionamenduaren miseriak mundu osoaren aitzinean agerian gelditu zirenean, Macronek bisita egin zien, atzerriko esku salbatzailea izanen zela jakinarazteko. Milioi gehiago iragarri zizkien, eta herrialdeko ordezkariei errietan egin zien. Inork ez du jakinen Libanoko herritarrek baino hobeki herrialdeko sistema politikoak zer ondorio dituen haien bizitzetan. Baina behin Europako agintari boteretsu bat bisitan joanda, galde ziezaiekeen nola moldatu ziren milioitik goiti errefuxiatu hartzeko, Europa aberatsa eginahalak eta bi ari zenean horiei ateak ixten.
HIZPIDEAK
Macron eta Libano
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu