inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Macron: kanpoan uso, etxean otso

2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Munduko finantza sistemaberri baterako goi bilera egin dute Parisen. Emmanuel Macron anfitrioi zela, klima larrialdiari aurre egiteko moduez eztabaidatu dute, eta, besteak beste, Frantziako presidenteari egokitu zaio munduko arazorik handienetako baten inguruan aldarrikapen ozenak egitea. Txinari oroitarazi dio nolako ardura daukan berotegi gasen isurketetan, eta begitan hartu du nazioarteko itsas garraio kutsatzailea, zergak ordaindu behar dituela gogorarazita. Areago, pobreziari aurre egin beharko lioke finantza sistema berriak, Macronen arabera, Afrikako herrialdeak gogoan.

Macron hizketan ari zen aretotik gertu, Greta Thunbergek eta beste ekintzaile batzuek ohartarazi zuten nolako arriskua bizi duten kutsatzaile handiei eta erregai fosilen industriari aurre egiten dieten ekintzaileek: Filipinetan, Ekuadorren eta beste hainbat lekutan.

Munduko arduradunek ahoak hitz ponpoxoz betetzen dituzten bitartean, kutsadurari eguneroko lanean aurre egiten diotenak jomugan daude, munduan eta Frantzian. Kasualitatea izango zen akaso, aste honetan bertan heldu baita Lurraren Altxamenduak mugimendu ekologista legez kanporatzeko Parisen agindua. Macron, horrenbestez, munduari lezio gutxi emateko moduan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.