Luze, oso luze irauten du immunitateak, baldin estatuek —eta estatu izatera iristen ez diren maila baxuagoko erakundeek— emana badiete haien interesak lortzeko era guztietako eskubide urraketak egiten dituztenei. Inpunitatea jardunean, eta behin erretiroa hartuta, immunitatea, espetxekoa ez den ohe batean hiltzen diren arte.
Antonio Gonzalez Pacheco polizia frankista eta torturatzailea —sinonimoak dira kasu askotan— hil zen atzo, justiziak sekula harrapatuko ez dituela uste dutenen lasaitasunarekin. Francoren garaikoak izan eta bizirik zeuden torturatzaileen artean salaketa judizial gehien bildu duena da seguru asko Pacheco, 30 inguru. Ez alferrik.
Biktimen errespetuaz horrenbeste hitz egiten den garaiotan, are mingarriagoa da jakitea egin zituen urraketen sari eman zizkioten dominak eraman dituela berarekin hilobira; eta dominekin batera soldataren gehigarri esanguratsua.
Tortura ez da sekula serio hartu gure herrian, beste indarkeria batzuk ez bezala. Manzanasen, Pachecoren, Muñecasen... ondorengo torturatzaileak harrapatu nahi dituenak harrobi bat dauka Paco Etxeberriaren taldearen txostenean.
HIZPIDEAK
Pacheco, eta aurrekoen inpunitatea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu