inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Pandemia linguistikoa

2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ia 400 kazetarik eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari iazko udan berma zezala euskaraz hitz egingo duen gobernu bat. Hilabeteak ziren COVID-19aren pandemia hasi zela, salbuespen neurriak ohiko bihurtu zirela, eta informazio beharra inoiz baino indartsuagoa zela herritarren artean. Eta, hain zuzen ere, berehalako informazioz ase behar zuten momentu horretan, mezuen azkartasuna inoiz baino beharrezkoago bihurtu zen une horretan, konturatu ziren kazetari euskaldunek gero eta zailago zutela euskarazko iturriak eta dokumentazioa lortzea. Bizitza salbuespen neurriez bete zen neurri berean, bakanago eta salbuespenezkoago bihurtu zen euskararen erabilera.

Atzo Hizkuntz Eskubideen Behatokiak argitaratutako 2020ko txostenak berretsi egin du kazetariek orduan egin zuten salaketan zegoen funtsa. Izan ere, euskara inoiz baino zokoratuago geratu izanaren ondorioz, %67 handitu ziren herritarren kexak hizkuntza eskubideen urraketengatik. Herritarrak ohartu dira salbuespen egoeran are eta garrantzi gutxiago eman dietela euren hizkuntza eskubideei. Eta aukeratu behar izan dutela: edo osasun arta edo euskara, edo informazio eguneratua edo euskara, edo poliziekin liskarrak izan edo euskara... Eta aukeratu behar izan horrek are eta ageriago utzi duela euskararen egiturazko azpiratzea. Hots, mendeetan dirauen pandemia linguistikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.