Hizpideak
Paperezko gazteluak
Informazioa boterea omen da. Horregatik, Espainiako Auzitegi Gorena bezalako goi erakunde bati dagokion erabakia ohiko prozedurari muzin eginez egunkari batean agertzen denean, galdera izaten da ea nork agintzen duen benetan erakunde horretan, ez baitu kontrolatzen berari dagokion informazioa. Sorturi buruzko autoa prest dauka Auzitegi Gorenak, eta aldeak deitu ditu gaurko,boto partikularrarekin batera jakinarazteko. Baina autoaren edukiaren laburpen bat atzo bertan irakur zitekeen egunkari batean, eta autoaren beraren 23 orri haren webgunean eskura zitezkeen, dena aldeei jakinarazi aurretik. Irudi tamalgarria ematen ari da. Aldi berean, beste auzi batean jatorria izanik, 2006ko negoziazio prozesuko hainbat paper airatzen ari dira hedabideetan. Horren harira, Conde Pumpido fiskal nagusiak dio: «ETAk dioen guztia zaborra da eta ez du sinesgarritasunik». Kafkianoa. Hori horrela balitz, Sorturen erregistroaren kontra ez zukeen ETAri egotzitako paperetan oinarritutako inpugnaziorik eskatuko. Dena oinarrizko eskubideen kaltetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu