Hamar nerabetik zazpik Interneteko eduki pornografikoak kontsumitzen dituzte, eta, Save The Children erakundeak ohartarazi duenez, arriskua ez da eduki horiek ikustea, baizik eta beren sexu desira «oinarri irrealetan, indarkerian eta desberdintasunetan» eraikitzea. Garbi hitz eginda, sexu heziketa matxista baten oinarri bat dira gaur egun Interneten kontsumitzen diren eduki pornografiko gehienak. Nerabeek bereizi dituzte eduki horietan indarkeria eta gizonen nagusikeria, Save The Childrenek egindako ikerketaren arabera, baina batzuek (herenek) gogoko dituzte, eta beste askok ez dute alternatiba hoberik, nonbait, euren sexu desira bideratzeko.
Txostenak agerian utzi du nesken eta mutilen arteko arrakala ere. Mutilek askoz gehiagotan kontsumitzen dituzte eduki pornografiko horiek, eta berariaz eta modu aktiboan jotzen dute haietara. Nesken kasuan, gutxiago dira kontsumitzen dutenak, eta, askotan, ezustean iristen dira haietara. Halaber, mutilek «instintu beharrak» asetzeko kontsumitzen dute, eta neskek, berriz, eurengandik zer espero den ikasteko.
Sexu heziketa egoki baten faltan —bai eskolan, bai etxean—, eduki matxistetan oinarritutako pornografia bihurtu da nerabeen irakasle. Hortik bortxaketa bat egitera, askotan, uste baino tarte txikiagoa dagoela erakusten du gero, egoskor, eguneroko errealitateak.
HIZPIDEAK
Pornografia sexu hezitzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu